Euskaraldia 2020

Akademiak ere euskararekin bat egiten du

AVPE2020/11/30

 

Akademiak ere Euskararekin bat egiten du

            Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Euskararen Erabilera Normalizateko VI. Plangintzaldiaren barneko erronka nagusietako bati aurregitea erabaki zuen; Ertzaintzaren Oinarrizko Prestakuntza-ikastaroak euskaraz ere eman ahal izateari.

             Orain 10 urte, A eredu hutsean funtzionatzen genuen eta, arlo horretan, euskararen gero eta behar handiagoa ikusirik, erronka honi ekin genion Ertzaintzaren 27. Promozioko C1 eko ertzaingaien taldekideei Oinarrizko Prestakuntza osatzen zuten ikasgaien %70 inguru euskaraz emanez. Promozio horretako C1eko euskara maila ziurtatuta zutenekin batera hasi zen Prestakuntzan euskararen ibilbidea. Behin bidea egiten hasita, 28. Promozioko C1eko ertzaingaiek euskarazko oinarrizko prestakuntza jaso zuten %100ean. Hori gutxi bazen, aipatu promozioetan B2 egiaztatutako ertzaingaiekin polizia-agirietako dokumentu batzuk ere euskaraz landu genituen.

            Bitartean, EUSKARALDIAren bigarren edizioa iritsi zaigu eta honako ekintza hauekin fin-fin ari gara: 5 minutuko ikastaro-pilulekin, EUSKARALDIA BATZORDEAren eguneroko diapositibekin, euskararen inguruko Euskaraldia lehiaketarekin eta, jakina, EUSKARALDIA ariketa sozialean rola hautatu eta parte hartzen ari garenon konpromisoarekin.

EUSKARArekin eta EUSKARALDIArekin bat egiten jarraitzeko, hona hemen IÑAKI  SUINAGAk, Euskara Ataleko irakasle-erretiratuak, oraingoan ere bidali digun bertso eder hau.  Eskerrik asko Iñaki , gu beti gogoan izateagatik.

Guztiok gure txinpartak batuz             

        sor dezagun su handia,

        askatasunez ta_alaitasunez

        erakutsiz ausardia.

        Bai ahobizi ta bai belarri

        prest aritzeko jendia;

        hementxe dugu Akademian

        berriro Euskaraldia.

Beraz, gure hizkuntza zaharrari

        ekin neska ta mutila,

        euskaldunok argi_ibil gaitezen

        piztuta beti bonbila;

        ohitura onak  orain hasita

        etorkizunaren bila.

        Aurten euskara Euskaraldian

        gehiago entzun dadila.