Rueda prensa. Anuncio exámes XXVI promoción. Consejera Seguridad-eu

Segurtasuneko sailburua 26. Promozioaren azterketa maiatzaren 20rako aurreikusten ari da

"Ertzaintzari buruzko akordioak Segurtasun Batzarrerako eskatzen genuen bultzada politikoa baieztatzen du"

AVPE-PLEA2017/03/31
Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediaren ustez Ministroen Kontseiluak gaur onartutako Errege Dekretu Legeak, alde batetik, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko aldebiko harremana baieztatzen du, eta, bestetik, ahalbidetzen du Ertzaintzak oinarrizko eskalako agenteak hautatzeko prozesuak deitzea, Euskadiko Segurtasun Batzordean adostutako polizia-kopuruari eusteko. "Ertzaintzari buruzko akordioak Segurtasun Batzarrerako eskatzen genuen bultzada politikoa baieztatzen du", esan du.

Estatuak errekurtsoa aurkeztu zuen Ertzaintzako azkeneko hiru promozioen aurka, eta horrekin sortu zuen segurtasun juridikorik ezaren ondorioz "stand by" geratu ziren 26. Promozioko 250 ertzain hautatu eta sartzeko azterketak.

Segurtasuneko sailburuak gogoratu du 25. Promozioaren egiaztagiriak emateko ekitaldian Eusko Jaurlaritzak hitzeman zuela tresna juridiko guztiak baliatuko zituela argudio juridikoekin defendatzeko deialdiaren legezkotasuna eta Ministerioarekin negoziatzeko prozesua, Ertzaintzaren plantilla antolatuta eta planifikatuta berritu eta gaztetzeko prozesua ziurtatzeko.   

"Martxoaren 22an Barne ministro Juan Ignacio Zoidorekin izan nuen bileran elkar ulertzeko atea zabaldu genuen, eta ministroak hitzeman zuen gaia Ministroen Kontseilura eramango zuela eta bertan aztertuko zutela. Ministroen Kontseiluak gaur onartutako Errege Dekretuaren beste balio bat da errespetatu egiten duela Ertzaintzak, indarraldi mugagabean, 8.000 ertzain izatea, euskal gizarteak eskatzen dituen segurtasun-zerbitzuak ziurtatzeko Segurtasun Batzarrean adostu zen bezala. Horrekin Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldebiko harremana aitortzen du",adierazi du Segurtasuneko sailburuak

Alde horretatik, iragarri du Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak prest dituela giza baliabide eta bitarteko material guztiak 26. Promozioaren hautaketa prozesua hasteko, lehen azterketarako maiatzaren 20a aurreikusiz.


Eranskinak(Dokumentuak deskargatzeko egin klik esteketan)