P24 nota informativa personas inscritaws-eu - avpe
Ertzaintzaren XXIV. Promozioa.- Orotara, 5.762 gizon eta emakume aurkeztu dira Ertzaintzaren promozio berrian.
Gaur, osteguna, amaitu da Ertzaintzaren hogeita laugarren promozioko kide izateko prozesuan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea. Inskripzio-epea amaituta, orotara 5.672 pertsonak eman dute izena. Horietatik 4.345 gizonak dira (% 75,4) eta 1.417, berriz, emakumeak (% 24,6). Ehuneko hori ertzain emakumeen ehunekoa halako bi da, eta aurreko prozesuetan baino nabarmen handiagoa da.
Hautagaien jatorri geografikoari dagokionez, ertzain izateko hautagai gehienak bizkaitarrak dira oraingoan ere (% 54), baina gipuzkoarren kopuruak gora egin du eta % 23ra iritsi da. Hain zuzen, proportzio hori eta EAEko gipuzkoarren ehunekoa ez daude horren urrun. Arabarrak, bestalde, aurkeztutakoen % 15 dira. Gainerako hautagaiak, % 8, nafarrak edo beste autonomia-erkidego batzuetakoak dira.
35 urtetik gorako 700 hautagai inguru
Deialdiaren oinarrietan aurkezte adin-muga 35 urtekoa bazen ere, azken asteetan muga horrek eragindako eztabaida publikoa dela eta, 35 urtetik gorako pertsonek eskaera aurkeztea erabaki dute. Hain juxtu, 849k eman dute izena hasiera batean, baina 680k baizik ez dute formalizatu inskripzioa, zegokien tasa ordainduta. Hautagai horien batez besteko adina 41 urtekoa da. Gainerakoan, adin-mugaren baldintza bete dutenen batez besteko adina 29 urtekoa da. Adin-mugaren eztabaida, edonola ere, ez da amaituko aurkeztutako errekurtsoak ebatzi arte.
Inskripzio-prozesua amaituta, hautaketa-prozesua hasiko da. Prozesu hori gainditzen duten 120ak igaroko dira Arkauteko Akademian gauzatuko den prestakuntza-ikastaro oinarrizkora. Hautaketa-probaren lehen proba Barakaldoko BECen izango da, uztailaren 5ean. Dagokienean jakinaraziko zaie hautagaiei.