Olimpiadas 2015-eu

Ekainaren 26tik uztailaren 5era, Amerikako Estatu Batuetako Fairfax hirian (Virginia)

Aurten, Ertzaintzaren hamabi agentek Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan parte hartuko dute

AVPE-PLEA2015/06/19

Guztira, Ertzaintzaren hamabi agentek hartuko dute parte Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan. Ekainaren 26tik uztailaren 5era bitartean izango da txapelketa, Amerikako Estatu Batuetako Fairfax hirian (Virginiako estatua). Bost ertzainek atletismoko probetan hartuko dute parte, lauk txirrindularitzakoetan, bik karaten, eta beste batek borroka-proban. 2013ko txapelketa Belfasten egin zen, eta han hemeretzi domina lortu zituen Ertzaintzak; haietako hamahiru, urrezkoak.

Ertzaintzaren hamabi kide (hamar gizon eta bi emakume) Ameriketako Estatu Batuetara bidaiatuko dira datozen egunotan, Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan parte hartzeko. Fairfaxen (Virginia) izango da, ekainaren 26tik uztailaren 5era bitartean. Agenteek atletismoko, txirrindularitzako, karateko eta borrokako askotariko proba-modalitateetan hartuko dute parte.

Ertzaintzaren parte-hartzearen kronograma ostiral honetan hasi zen (ekainak 19); izan ere, orduan argitaratu zen EHAAn Arkauteko zuzendariaren Ebazpena, zeinaren bitartez arautzen eta deitzen baita kirolarientzako laguntzen emakida. Txapelketa, berez, datorren ostiralean hasiko da, ekainak 26, inaugurazio-ekitaldiarekin. Hurrengo egunean, larunbatean, txirrindularitzako lehiaketei ekingo zaie. Azken lehiaketak uztailaren 4an (larunbata) egingo dira: egun horretan, probak atletismokoak izango dira. Hurrengo egunean, igandean, amaiera emango zaio txapelketari, itxiera-ekitaldiarekin.

Aurtengo txapelketan, honako ertzain hauek hartuko dute parte: José Luis Arredondo eta Iker Bilbao karaten; Aitor Etxeguren, Carlos Fernández, Oxarra Lazkano eta Joseba Ramos txirrindularitzan; Luis Hernández, Joseba Patxi Mentxaka, Juan Carlos Murillo, Arantzazu eta Itziar Sáez atletismoko probetan, eta Xabier Ferrero borrokakoan.

Bi urtean behin egiten da Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketa, 1985 ezkeroztik. Azken edizioan, 2013an Belfasten egindakoan, mundu osoko 15.000 poliziak eta suhiltzailek hartu zuten parte, 56 modalitatetan banatuta. Olinpiar Jokoak eta gero, hauxe da parte-hartzaile kopuru handieneko kirol-lehiaketa. Edizio hartan, Ertzaintzak hemeretzi domina lortu zituen guztira: hamahiru urrezko domina, lau zilarrezko, eta bi brontzezko.


Eranskinak(Dokumentuak deskargatzeko egin klik esteketan)