Nota de prensa Consejo Rector-eu

Urtarrilaren 2an hasiko da Udaltzaingoaren lehen LEP bateratuaren prestakuntza-ikastaroa

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Ertzaintzaren karrera profesionalerako prestakuntzaren datozen hiru urteotako kronograma aurkeztu du

AVPE-PLEA2017/12/20

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Batzordeak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru duela, gaur onartu ditu 2018rako jardueren urteko plana eta Ertzaintzaren karrera profesionalerako prestakuntzaren datozen hiru urteotako kronograma, hain zuzen ere, eskala, kategoria eta espezializazio ezberdinetan sartzeko hautaketa-prozesuetan parte hartzea errazteko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 2018an guztira 238 ikastaro eskainiko ditu Euskadin segurtasun publikoaren euskal sistema osatzen duten eta sistemarako lan egiten duten agente, erakunde eta kolektiboentzat. Eskaintzaren arabera aurreikusten da Ertzaintzako, Udaltzaingoko, larrialdi-zerbitzuetako eta beste kolektibo batzuetako 17.000 pertsona inguru matrikulatuko direla.  

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jardueraren ardatza sarrerako, barne-sustapeneko eta espezializazioko ikastaroak izango dira. Bileran Ertzaintzaren prestakuntzarako datozen hiru urteotarako kronograma aurkeztu da. "Planifikazio horrekin gure asmoa da Ertzaintzako gizon-emakumeek bere burua antolatu ahal izatea eta eskala eta kategoria ezberdinetara igotzeko prozesuetara eta espezializazio-ikastaroetara aurkeztu ahal izatea", adierazi du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak.  

Horrela, 26. Promozioko ikasleek 2018an amaituko dute prestakuntza-ikastaroa, eta, gainera, aurreikusten da 27. Promozioko beste 300 ikasle sartzea, datorren urteko irailean hasiko dutenez prestakuntza Arkauteko Akademian. Arruabarrenak gogoratu du urtero deituko direla promozioak aurreikusitako planari jarraituz eta erretiroak eta bajak kontuan hartuta.  

Ertzaintzaren karrera profesionalaren datozen urteotarako kronograman jaso dira agente lehen eta ofizialorde izateko urteko ikastaroak, ikerketa kriminaleko espezializazio-ikastaroa eta ofizial, brigada mugikorreko eta txakur gidari izatekoa.

2018an, zehazki, agente lehen izateko 40 plazako bi ikastaro deituko dira, ofizialorde izateko 40 plazako bat eta komisariorde izateko 20 plazako beste bat urteko bigarren seihilekoan. Ikerketa kriminaleko espezialitateko 80 plazako bi ikastaro daude aurreikusita, eta brigada mugikorrerako 40 plazako bat eta txakur gidari izateko beste bat.  

LEP bateratuaren prestakuntza-ikastaroa urtarrilean


Bestalde, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak urtarrilaren 2an emango dio hasiera Udaltzaingoaren lehen deialdi bateratuan plaza lortu duten 75 udaltzainen prestakuntza-ikastaroari. Gogoratu behar da deialdian 12 udalek hartu dutela parte Eudelen eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren laguntzaz. Hain zuzen ere gaur esleitu dira behin betiko destinoak, eta probak gainditu arren plazarik lortu ez dutenak bitarteko udaltzainen zerrendan sartuko dira, eta horiek gero egingo dute prestakuntza Akademian.

Zuzendaritza Batzordean jakinarazi da hiru prestakuntza-ikastaro berri antolatuko direla Akademiarekin hitzarmena duten udaletako bitarteko udaltzainen premiei erantzuteko.  

Bestalde, eta egoki jotzen bada, Udaltzaingoaren beste deialdi bateratu bat egingo da agente lehen, ofizialorde eta ofizial postuetarako ikastaroak egiten diren aldi berean.  

Suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuei (SPEIS) zuzendutako programazioaren baitan, Arkauteko Akademiak 2018an prestakuntza-ikastaroak eta suhiltzaile-gidari, kabo eta sarjentu postuetarako sarbide-ikastaroak programatuko ditu, bai eta ofizial, inspektoreorde eta inspektore eskaletarakoak ere.  

Parez Pare jardunaldiak


Gizartera irekitako Parez Pare Jardunaldien bosgarren edizioan Euskadiko segurtasun publikoaren sistemarekin zerikusia duten zortzi gai jorratuko dira. Hauek izango dira gaiak: 'Indarkeria kirolean eta kirol-ikuskizunetan', 'Bide-segurtasuna eta trafiko-istripuek eragindako larrialdiak', 'Adingabeak eta gizarte-sareak: adingabeak biktimizazio-egoeren eraginpean', 'Arrisku biologikoek eragindako larrialdiak', 'Delituarekiko beldurra eta segurtasunik ezaren sentimendua, eta konfiantza politikan', 'Larrialdietan eta hondamendietan oinarrizko zerbitzuak lehengoratzea', 'Gurasoen aurkako indarkeria: fenomenoaren errealitatera hurbiltzeko saioa', eta, azkenik, 'Arriskua hartzea eta biktimizazio-egoerak: segurtasuneko eta larrialdietako langileek euren burua zaintzea'.

 


Eranskinak(Dokumentuak deskargatzeko egin klik esteketan)