Foro de igualdad-eu

Film labur batek sei emakume ertzainen lan esperientzia jasoko du
 

Emakundek antolatutako X. Berdintasun Foroak emakume ertzainek azken 30 urteotan egindako ibilbideari eskaini dio gaurko jardunaldia

AVPE-PLEA2013/10/30

Emakundek antolatutako X. Berdintasun Foroak emakume ertzainek azken 30 urteotan egindako ibilbideari eskaini dio gaur Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin den jardunaldia. Bertan, emakumeak Ertzaintzaren barruan jokatutako iraganeko, egungo eta etorkizuneko rola aztertu dute.

 

Emakundeko idazkari nagusi Ana Alberdi izan da gaurko jardunaldia inauguratzeko arduraduna. Bertan, Emakume ertzainen 30 urte film laburraren aurrerapena ere aurkeztu da. Lan horretan, promozio eta lanpostu ezberdineko sei emakumek Ertzaintzaren barnean emakumeak izan duen zereginari buruzko ikuspuntua azaltzen dute. Hain zuzen ere, 1983. urtean bigarren promozioa deitu zenean sartu zen emakumea Ertzaintzan.

1981. urtean deitutako lehen promozioan ez zela emakume eskakizun bakar bat ere izan gogoratu behar da, zerbitzu militarra eginda edukitzea ezinbesteko baldintza baitzen eskaera egiteko. 1982an eta 1983an egindako hurrengo hiru deialdietan emakumeek parte hartzea ahalbidetu zen, baina betiere muga zehatzak ezarriz:  % 10ekoa bigarrenean eta % 15ekoa hirugarren eta laugarrenean.

Emakumeei parte hartzeko aukera lehen aldiz eman zien bigarren deialdi horren ondorioz, 94 emakume sartu ziren Ertzaintzan. Gaur egun, promozio horretako 65 emakume dira oraindik ere ertzainak. Bigarren deialdi horretatik aurrera, Ertzaintzan sartzen joan den emakumeen ehunekoa aldatzen joan da, eta emakume eskaera handiena XXI. promozioan gertatu zen.

Gaur egun, Ertzaintzan 7.065 gizon eta 870 emakume ari dira lanean; hau da, emakumeen portzentajea % 12 da. Emakume agintarien portzentajea, aldiz, askoz ere txikiagoa da: % 3,5.

Iraganari, orainaldiari eta etorkizunari buruzko eztabaida

Behin film laburraren aurrerapena eskaini ostean, mahai inguru bat egin da Emakumeak Ertzaintzan: iragana, orainaldia eta etorkizuna izenburupean. Saioa Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendaritzapean egin dute, eta, bertan, Arkauti bertako irakasleek eta promozio ezberdinetako ertzainek parte hartu dute, gizon zein emakume.

Azkenik, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak jardunaldia amaitu du, nabarmenduz Ertzaintzako emakume kopurua handitzen joatea ezinbestekoa dela, ez kuota jakin bat bete beharragatik bakarrik, baita behar operatiboa delako ere. «Emakumeak Ertzaintzan presentzia izatea gero eta beharrezkoagoa da, ezinbestekoa, batik bat zerbitzu edo funtzio jakin batzuetan. Izan ere, gizarteak berak eskatzen digu horrela izatea», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko arduradunak.

Ildo horretan, orain artean Ertzaintzaren barruan emakumearen presentzia bultzatzeko hainbat ahalegin egin direla baina auzitegietan ahalegin horien aurkako helegiteak jarri izan direla gogoratu du Beltrán de Herediak. Emakumeentzat plazak gordetzeagatik edo emakumeen presentzia bultzatzeko hartutako neurriengandik izandako inpugnazio eta helegite horiek aurrerantzean gerta ez daitezen saihesteko, Segurtasuneko sailburuak aurreratu du Poliziaren Euskal Lege berri batek eskain litzakeen aukera eta bermeak aztertzen ari direla.