Día Internacional de las Mujeres - avpe
Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko eguna
Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dugu eta errebindikaziorako eguna da; izan ere, aurrerapenak izan diren arren, oraindik mundu osoan dagoen egiturazko desberdintasunak eragin negatiboa izaten jarraitzen du emakumeen bizi-baldintzetan.
Eusko Jaurlaritzarentzat eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzat, Eusko Jaurlaritzaren parte den aldetik, emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzea lehentasunezkoa da, eta gaur berdintasuna bultzatzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu.
Garrantzitsua da emakumeek eta gizonek gure gizartean izan behar duten lekua eta posizioa aztertzea, baita betetzen duten eta bete beharko luketen rola ere aztertzea.
Oraindik egiteko ugari dago, emakumeen eta gizonen arteko aldeak oraindik ere badirelako. Batzuk besteak baino nabariagoak dira, baina berdintasun osoa eta eraginkorra lortu nahi bada, alde horiek onartu egin behar dira horiei aurre egiteko, eta horietako bat emakumeek Euskadiko segurtasun-kidegoetan duten parte-hartzeari eta presentziari buruzkoa da.
Badakigu bidean aurkitzen diren oztopoek ez dutela prestakuntza-ezarekin zerikusirik. Oztopo horiek haurtzarotik esleitzen zaizkigun genero-rol eta -estereotipoekin dute zerikusia; baita ere, gure ibilbide profesional eta bizi-ibilbide osoan irauten duten hainbat faktorerekin.
Akademian, gure ekintza guztietan genero-ikuspegia txertatzeko konpromisoa dugu, eta, horretarako, helburu orokor bat dugu: emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzea eta berdintasuna sustatzea. Horretarako, emakumeek eta gizonek dituzten egoerak, baldintzak eta premiak modu sistematikoan hartuko dira kontuan, maila guztietan eta haien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan.
Gaur abian jarriko den Akademiaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planari esker, Berdintasunean aurrera egiten jarraituko dugu.
Hori da gure konpromisoa, ez bakarrik martxoaren 8rako, baizik eta urteko 365 egunetarako.