Consejo Rector-eu

Ekimenaren helburua da udaltzaingoetako agenteen hautaketa eta prestakuntza sinplifikatu eta bateratzea eta kidegoei egonkortasuna ematea.

Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak akordioa izenpetzen duten udalerrietako udaltzaingoen lehenengo hautaketa-prozesu bateratuaren deialdirako hitzarmena eta oinarriak onartu ditu

AVPE-PLEA2017/06/15
Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru dela, gaur goizean onartu du Euskadiko Udaltzaingoaren lehenengo hautaketa-prozesu bateraturako kudeaketa-agindurako hitzarmena, eta nahi duten udalak atxiki ahal izango dira. Bileran bertan berretsi dira, borondatez eta udal-autonomia erabat errespetatuz, hitzarmena sinatuko duten udaletako udaltzaingoetan hutsik dauden postuak betetzeko oinarri espezifikoak. Orain arte Euskadiko bederatzi udalek agertu dute udaltzainak hautatu eta prestatzeko eta kidegoei egonkortasuna emateko formula honen aldeko interesa.

Ekimena Segurtasun Sailak jarri du, EUDELarekin batera, abian udalek eskatuta eta udaltzaingoetako agenteak hautatu eta prestatzeko taldean planteatu ondoren, eta helburu du agenteen hautaketa sinplifikatu eta bateratzea, hautaketa-profil bera aplikatuz eta gainkostu-arazoak saihestuz, efizientzia administratibo hobea lortze aldera.  

Hainbat faktore izan dira erabakigarriak Segurtasun Sailak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren bitartez, kudeaketa-agindurako hitzarmen bat egiteko: udalek dituzten zailtasunak udaltzaingoko oinarrizko mailako agenteen sailkapena osatzeko hautaketa-prozesuak egiteko eta prozesua ikuspegi materialetik kudeatzeko; deialdia egiten duen erakundeari eragiten zaion gastua; eta era horretako prozesuak gauzatzeko langile espezializaturik ez izatea.  

Kudeaketa-agindua

Formula juridiko honi esker udalek, euren langileak hautatzeko eta deialdia onartu eta argitaratzeko eskumena duten bakarrak izanik, Akademiari agintzen diote hautaketa-prozesu bateratu bat egitea aurrez adostutako oinarri batzuei jarraituz. Aldez aurretik, udalek Enplegu Eskaintza Publiko bat onartu eta argitaratu behar dute, eta bertan zehaztuko dute zenbat plaza eskaintzen dituzten.

Abantailak

Hautaketa-profil bera aplikatzea, hautaketa-prozesuen ezaugarriak bateratzea, aldi berean hautaketa-prozesu batean baino gehiagotan parte hartzen duten izangaien ihesak eragiten dituen gainkostu-arazoak konpontzea, hautaketa-prozesuetan plazak hutsik ez geratzea lehen adierazitakoarengatik eta prozesuen kostua murriztea, horiexek dira gaur Zuzendaritza Kontseiluak onartu duen kudeaketa-aginduan jasotzen diren abantailetako batzuk.  

"Hitzarmen hau onartuta, jarduera-esparru bateratu bat eskaintzen dugu hautaketa-prozesu bateratu bat egiteko, borondatez eta udal-autonomia baliatuz, hitzarmenari atxikitzen zaizkion EAEko udalei aplikagarri izango zaiena", adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak.  

Bai aginduan bertan bai oinarrietan, hitzarmenari atxikitzen zaizkion udalek izangaiei eskatu nahi dizkieten baldintzak erabaki ahal izango dituzte, besteak beste, hizkuntza eskakizuna eta gidabaimen-motak.  

Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa librea izango da, eta bertan egingo dira test erako proba bat, gaitasunak ebaluatzeko test psikotekniko bat eta nortasuna ebaluatzeko beste bat. Era berean, proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala ere egingo dira. Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira.    

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.  

Ondoren, hautatutako pertsonak praktiketako funtzionario izendatuko dira eta prestakuntza-ikastaro bat egingo dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, gehienez ere 30 hilabetekoa.  

Kronograma

Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege berria uztailean onartuko dela aurreikusten da, eta horrek ahalbidetuko du Euskadiko udal gehiago sartzea prozesu honetan.

Eskaerak jaso direnez, prozesua abian jartzeko epeak apur bat atzeratu egingo dira ahalik eta gehienak sartu ahal izan daitezen.

Horretarako, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da irailaren hasieran, eta une horretan zabalduko da eskaerak aurkezteko epea. Aurreikusten da hautaprobak azaroan egitea eta prestakuntza-ikastaroa, berriz, 2018ko urtarrilean.  


Eranskinak(Dokumentuak deskargatzeko egin klik esteketan)