Ampliación de plazasP28-eu

Eusko Jaurlaritzak 700era igo du XVIII. promozioko plazen kopurua

PLEA2019/03/27

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin batera.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Segurtasun Sailak hartutako erabakiaren berri eman du, 700era handitzea 28. promozioko hautaketa-prozesuari esleitutako plazen kopurua Ertzaintzako oinarrizko eskalan sartzeko. Sailburuak azaldu duenez, kopurua handitzeko erabaki horrek belaunaldi-berrikuntzaren premiari erantzuten dio, epe laburrera eta ertainera aurre egin behar zaion errealitate bat delako. "Ahalegin handiagoa eta sakonagoa egitera behartuta gaude ertzain berrien prestakuntzan, arrakastaz aurre egin ahal izateko sortzen ari den belaunaldi-berrikuntzari", adierazi du. Beltrán de Heredia sailburuak gogora ekarri duenez, Sailetik eta Akademiatik erantzukizunez eta ilusioz aurre egiten ari zaion erronka bat da hori.

Gainera, Beltrán de Herediak nabarmendu duenez, urtea amaitu baino lehen, beharrezkoa izango da promozio berri baten (29.a) deialdia egitea, behar izango diren plazen kopuruarekin. "Gure helburua da belaunaldi-berrikuntza antolatu eta programatu bati ekitea eta, hortik aurrera, gure konpromisoa da urtero deialdi bat ateratzen joatea Ertzaintzako agenteentzat, kontuan izanik plazen kopurua handitzen joan dela premien eta ahalbideen arabera", gaineratu du.