Acto PL unificada-eu

Enplegu-eskaintza bateratu bateko udaltzainei diplomak emateko lehenengo ekitaldia

 

Euskadiko 16 udaletako 113 udaltzainek jaso dituzte Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian prestakuntza-ikastaroa gainditu izanaren diplomak

AVPE-PLEA27/07/2018
Guztira 113 udaltzainek (98 gizonezkok eta 15 emakumezkok) jaso dituzte gaur Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian prestakuntza-ikastaroa gainditu dutela eta euren destinoetan udaltzain-lanetan aritu daitezkeela egiaztatzen duten diplomak. Oraingoan Eudel - Euskadiko Udalen Elkartearen eskutik Segurtasun Sailak sustatuta egindako Udaltzaingoaren lehen Lan Eskaintza Publiko bateratuko 65 pertsona, Bilboko Udalak egindako hautaketa-prozesuko beste 48 eta beste lau udalerritako 4 udaltzain beri elkartu dira akademian. Ekitaldiaren buruan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da, eta berarekin izan dira Akademiaren zuzendari nagusia Malentxo Arruabarrena, Segurtasun Saileko hainbat kargudun eta udaltzain berriak lanean arituko diren udaletako alkate eta ordezkariak

2017ko abuztuaren 1ean argitaratu zen Udaltzaingoaren lehen deialdi bateratua, Eudel ¿ Euskadiko Udalen Elkarteak gainbegiratuta dagozkion kudeaketa-aginduak izenpetu zituzten udaletako udaltzaingoetako karrerako funtzionarioen plazak betetzeko.

 

Hautaketa-profil bera ezartzea, prozesuetako ezaugarriak bateratzea, hautaketa-prozesuen kostuak murriztea, hautaketa-prozesua egiten den bitartean plazak hutsik ez geratzea eta irizpide bateratuak izatea dira LEP bateratuaren abantailetako batzuk. Kontuan izan behar da erabat errespetatzen dela udal-autonomia; izan ere, udalena da euren funtzionarioak hautatzeko eta deialdiaren oinarriak ezartzeko eskumena, eta udalbatza bakoitza da dagokion enplegu-eskaintza onartzeko eta argitaratzeko eskuduna.

 

Lehenengo deialdi honetan 12 udalek hartu zuten parte eta 75 udaltzain plaza berri eskaini zituzten. Orain, prestakuntza prozesua amaituta, 65 dira deialdi bateratuko udalerrietan udaltzain praktikak egiten hasiko direnak: Abadiño (2), Arrasate (5), Arrigorriaga (1), Bilbo (20), Basauri (2), Galdakao (3), Getxo (12), Mungia (2), Santurtzi (7), Pasaia (3), Zarautz (5) eta Zumaia (3).

 

Udaltzaingoaren lehenengo LEP bateratuko 65 pertsonekin batera egon dira geletan Bilboko Udalak egindako hautaketa-prozesuko 44 eta beste lau udalerritako 4 pertsona. Bilboko Udaltzaingoko izangaiek lehenengo aldiz egin dute prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, eta Bilboko Udalak udaltzain gaien prestakuntzarako pertsonala jarri du.

 

Udaltzaingoetako 130 izangaiek 2018ko urtarrilaren 2an hasi zuten oinarrizko ikastaroa Arkauteko Akademian, eta zazpi hilabeteko prestakuntza egin ondoren 113 gelditu dira, beraz. Behin akreditazio-diplomak jaso ondoren, urtebeteko praktikaldia hasiko dute Udaltzaingoko funtzionario izendatu aurretik.

 

Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak joan den uztailaren 4an onartu zituen Udaltzaingoaren LEP bateratuko deialdi berrirako hitzarmena eta oinarriak. Orotara 26 udalek egin dute bat hautaketa eta prestakuntza formula horrekin, eta Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako 226 udaltzain-plaza eskaini dituzte orotara. 26 udalerri horietako 15 Bizkaikoak dira, 9 Gipuzkoakoak eta 2 Arabakoak.

 

Segurtasun Sailak Eudel ¿ Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan abian jarritako ekimenarekin lehenengo aldiz egin dute bat hiru hiriburuetako udalek, eta guztira 110 plaza eskainiko dituzte Bilbon, 28 Gasteizen eta 8 Donostian. Horiez gainera, ekimenean honako udalak ere sartu dira: Portugalete 12 plazarekin, Sestao 9rekin, Barakaldo 8rekin, Santurtzi 6rekin, Eibar 5ekin, Bergara 4rekin, Plentzia 3rekin, Zumaia 3rekin, Elgoibar 3rekin, Gernika 3rekin, Erandio 2rekin, Mungia 2rekin, Berango 2rekin, Abanto-Zierbena 2rekin, Zornotza 2rekin, Amurrio 1ekin, Legazpi 1ekin, Balmaseda 1ekin, Beasain 1ekin, Basauri 1ekin, Ordizia 2rekin, Pasaia 3rekin eta Ermua 4rekin.


Eranskinak(Dokumentuak deskargatzeko egin klik esteketan)