24_0696 Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak Akademiaren Berdintasunerako Plan berria onartu du - avpe

Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak Akademiaren Berdintasunerako Plan berria onartu du
2024-12-16
• Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua buru izan duen bileran, 2025eko aurrekontu-proiektuaren eta gauzatuko den jarduera-planaren berri ere eman da
Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua buru dela egin da gaur goizean Arkauten Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Kontseiluaren bilera. Bertan, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, EUDELeko eta sindikatuetako ordezkariek 2025erako aurrekontu-proiektua aztertu dute, Akademiaren Berdintasunerako Plan berriarekin eta Jarduera Planarekin batera.
2025ean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 23,5 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino % 18,5 gehiago, helburu nagusia Ertzaintzako agenteen, udaltzainen eta Euskadiko larrialdi-sistemako beste kolektibo batzuen prestakuntza sustatzea duen jarduera-plana gauzatzeko. Plan horrek Ertzaintzan eta udaltzaingoetan sartzeko ikastaroez gain, Segurtasun Publikoaren Euskal Sistema osatzen duten profesionalentzako igoerako eta prestakuntzako programa gehiago ere jasotzen ditu.
Bestalde, genero-berdintasunarekin eta inklusioarekin hartutako konpromisoari erantzuteko, Akademiak Berdintasunerako Plan berria aurkeztu du, eta bertan jarduera guztietan genero-ikuspegia indartzeko neurri espezifikoak jasotzen dira, bi helburu nagusirekin:
- Segurtasun publikoko langile guztiei prestakuntza ematea, printzipio orientatzaile gisa emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, aniztasunarekiko errespetua eta indarkeria matxista ezabatzeko borroka hartuta.
- Akademiatik egiten diren hautaketa-prozesuetan eta formakuntza-aldietan tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa ziurtatuko dela bermatzea.
Dokumentu horrek 4 ardatz estrategiko, 8 helburu, 18 neurri eta 66 jarduera zehatz jasotzen ditu, egitura eta esparru-tresna gisa Euskadiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2030 estrategiari jarraituz.