24_0377 2.767 pertsona aurkeztu dira Euskal Poliziaren 5. deialdi bateratuko lehenengo probetara

• %37,1 Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan sartu nahi duten emakumeak dira • Gehienak Euskadikoak dira eta 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, eta hizkuntza-eskakizun bat egiaztatu dute • Lan-eskaintza publikoa 280 plazakoa da: Ertzaintzarako 225 eta Euskadiko 22 udaletarako 55

2.767 pertsona aurkeztu dira Euskal Poliziaren 5. deialdi bateratuko lehenengo probetara

Servicio de prensa

2024-06-29

Gaur goizean hasi dira Barakaldoko BECen Euskal Poliziaren 5. deialdi bateraturako Eusko Jaurlaritzak deitu dituen 280 plazetako bat eskuratzeko hautaprobak. Zehazki, hiru proba egin dira: test psikoteknikoa, ezagutza-proba eta nortasun-testa; proba horiek guztiak derrigorrezkoak eta baztertzaileak dira eta, beraz, gainditzen dituztenek baino ez dute hautaketa-prozesuan jarraituko, ondoren proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala egiteko.

Proba guztiak gainditzen dituzten izangaiek Ertzaintzan eta 22 udaletako udaltzaingoetan eskaintzen diren plazetako bat eskuratu ahal izango dute:

  • 225 plaza Ertzaintzarako dira:
    • Herritarren Segurtasuneko oinarrizko eskalako 5
    • Ikerketa Kriminala espezialitateko 140
    • Bide Segurtasuna espezialitateko 80

  • Euskadiko 21 udalerritako udaltzaingoetako agente izateko 54:
    • Amorebieta-Etxano (2)
    • Basauri (5)
    • Bermeo (2)
    • Bilbao (2)
    • Deba (2)
    • Donostia (1)
    • Durango (4)
    • Eibar (4)
    • Erandio (3)
    • Ermua (4)

    • Getxo (1)
    • Irun (1)
    • Lasarte-Oria (3)
    • Leioa (4)
    • Mungia (1)
    • Ortuella (1)
    • Santurtzi (10)
    • Vitoria-Gasteiz (2)
    • Zalla (1)
    • Zumarraga (1)
  • Sondikako Udaleko Udaltzaingo Zerbitzuko agente izateko plaza 1

280 plaza horien kopurua handitu ahal izango da lehiaketa-oposizioa gainditzen duten pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunera arte.

2.767 IZANGAI

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izena emateko prozesua amaitu duten 3.920 pertsona deitu ditu probetara, eta 2.767 aurkeztu dira. Horien % 37,1 (1.206) emakumeak dira, eta kopuru horrek lagunduko du plantilletan duten ordezkaritza txikia handitzeko helburua lortzen. Gainerako % 62,9a (1.741) gizonak dira.

Lurraldez lurralde, azterketetara aurkeztu diren izangai gehienak Euskadin bizi dira, eta horietatik % 62,9 (1.741) Bizkaian, % 18,9 (522) Gipuzkoan eta % 13,1 (363) Araban. Gainerakoak, % 5,1 (141) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi dira.

Izangaien % 69,8 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 29,4, alegia, 31 urtetik 40 urtera bitartekoak ere.

Gainera, izena eman dutenen gehienek egiaztatu dute hizkuntza-eskakizunen bat, eta oraindik kopuru horri batu behar zaizkio ikasketa ofizialak euskaraz egiteagatik hizkuntza-eskakizunen bat baliokidetuta dutenak. Hori guztia lagungarria izango da Euskal Poliziako kidegoen % 100 euskaldunak izateko helburua lortzeko bidean aurrera egiteko, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai barneko lanean bai herritarrei arreta ematean.

HAUTAKETA-PROZESUA

Agente izango direnak hautatzeko eta prestatzeko prozesuaz Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arduratzen da, eta prozesu hori hiru fasetan banatzen da:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, 5 probak egitea, denak derrigorrezkoak eta baztergarriak baitira, deialdiaren oinarrietan ezarritako betekizunak betetzea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek ikasketa-prozesua, ordaindua, hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da. Prozesu hori 9 hilabetetik 12 hilabetera bitartekoa izango da, polizia-espezialitatearen arabera.
  • Praktikaldia lanean: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskal Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Hartzen dituen polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak behin betiko karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.