24_0245 Sute handiei eta horiek berehala kudeatzeko moduari buruzko analisi-jardunaldia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian

Sute handiei eta horiek berehala kudeatzeko moduari buruzko analisi-jardunaldia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian

Servicio de prensa

2024-04-25

• Andrés Zearreta Akademiaren zuzendari nagusiak inauguratu du PAREZ PARE jardunaldia, eta bertan larrialdien, arkitekturaren eta psikologiaren esparruko lau adituk joan den otsailean Valentzian izandako sutea aztertu dute

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaur goizean egin du Arkauten 77. PAREZ PARE jardunaldia, “Valentziako sutea, ikasteko gaiak” izenburupean. Bertan, suteak itzaltzen, larrialdietan, eraikinetan eta psikologian adituak diren profesionalek sute handien kudeaketa eta horien ondorio pertsonalak eta materialak aztertu, hausnartu eta eztabaidatu dituzte.

Andrés Zearreta Akademiaren zuzendari nagusiak eta Malentxo Arruabarrena Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendariak bideratu dute lehenengo mahai-ingurua. Bertan, Ricardo Gabriel Jiménez Pazek, Madrilgo Udaleko suteak itzaltzeko zerbitzuko Koordinazioko eta Komunitatearentzako Zerbitzuetako inspektoreak, eta Ignacio Garcia Urkizok, Bilboko Udaleko suhiltzaileen buruak, Valentziakoa bezalako eskala handiko suteetako esku-hartzeetan izaten diren zailtasun eta arrisku nagusiak aztertu dituzte.

Juan Bautista Echeverríak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko arkitektoak, azaldu du eraikinen segurtasuna hobetu ahal izateko giltza sistema arautzailean dagoela, arauditik hasi eta administrazioaren kontrola barne dela. Eta, amaitzeko, Mariano Navarro Sererrek, Valentziako larrialdietako psikologo klinikoak, hondamendi batean arreta psikologikoak duen garrantziaz hitz egin du.

PAREZ PARE JARDUNALDIAK

PAREZ PARE jardunaldiak egiten dira Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk izenpetutako hitzarmenaren esparruan. Hitzarmen horren helburua da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Kriminologiako Euskal Institutuak (IVAC-KREI) elkarlanean jardutea kriminologiaren eta biktimologiaren arloan formakuntza emateko eta ezagutza aztertu eta hedatzeko, bai eta segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko ere. Formakuntza-saioak profesionalei zuzenduta daude, baino gaian interesatuta dauden pertsonentzat ere irekita daude, horretarako aldez aurretik izena eman behar da www.arkauteakademia.eus webgunean.

Jaitsi Argazkia/Foto 1

Jaitsi Argazkia/Foto 2