23_0797Jaurlaritzak Euskal Poliziako agenteen LEP berria deituko du urte hasieran - avpe

Jaurlaritzak Euskal Poliziako agenteen LEP berria deituko du urte hasieran
2023-12-18
• Oinarrizko eskalako plazez gainera, oposizio berri honetan, berriz ere, Ertzaintzan lanpostu huts gehien dituzten espezialitateetarako lanpostuak aterako dira: bide-segurtasuna eta ikerketa kriminala. • Deialdi berri honekin, Eusko Jaurlaritzak XII. Legegintzaldi honetan urtero Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteen hautaketa-prozesua egiteko konpromisoa betetzen du
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela, eta Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia ere bertan dela, egin da gaur goizean Arkauteko Zuzendaritza Batzordearen bilera. Bertan, 2023an egindako jardueren plana eta 2024rako plan berria azaldu dira. Plan horrek, datorren urterako, Euskal Poliziako agenteen hautaketa-prozesu bateratu berriaren deialdia jasotzen du.
Oposizio berria 2024aren hasieran (urtarrila/otsaila) deituko da, eta, aurreko LEPak bezala, oinarrizko eskalako eta Bide Segurtasuneko eta Ikerketa Kriminaleko espezialitateetako plazak barne hartuko ditu, Ertzaintzan lanpostu huts gehien dituzten bi espezialitateak baitira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteak batera hautatzen eta prestatzen dituen bosgarren aldia izango da, eta, modu horretan, homologatu egiten du haien polizia-prestakuntza eta herritarrekiko arreta.
Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako plaza-kopurua oraindik zehaztu gabe duen oposizio-lehiaketa hau Eusko Jaurlaritzak XII. Legegintzaldi honetan deitzen duen laugarrena izango da, eta, horrela, urtero hautaketa-prozesu bat egiteko konpromisoa beteko du.
2024ko Prestakuntza
Akademiak 19.835.000 euroko aurrekontua izango du jarduera-plan hori gauzatzeko. Horren barruan, agente berriak hautatzeaz gain, sarrera-ikastaroak, mailaz igotzeko ikastaroak eta prestakuntza anitza eskainiko ditu Euskadiko segurtasun-sistema publikoa osatzen duten eragile guztientzat: udaltzaingoak, prebentzio-zerbitzuak, suteak itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuak, larrialdiei aurre egiteko teknikariak, babes zibila, Euskadiko boluntarioak, etab.
Prestakuntzaren barruan, 2024ko berritasun gisa, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko diziplinarteko formakuntza-plan bat nabarmentzen da Euskal Poliziako etorkizuneko promozioetako agenteentzat, Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategikoaren barruan.
2023ko balantzea
Aurten, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 11.848 pertsona prestatu ditu, 9.395 gizon (% 79,3) eta 2.453 emakume (% 20,7), eta milioi bat ordutik gora izan dira. Beste jarduera batzuen artean, nabarmentzekoa da Euskal Poliziako Oinarrizko Eskalako Agente Ikastaroa. Ikastaro hori joan den azaroaren 10ean amaitu zen, eta Ertzaintzan 377 agente sartu ziren eta Euskadiko 25 udaletako udaltzaingoetan 123. Gainera, aipatzekoa da Ertzaintzako eta udaltzaingoetako pertsonalarentzat mailaz igotzeko, espezializazioko eta eguneratze eta hobekuntzako 100 ikastarotik gora egin direla.
Gainera, Akademiak mailaz igotzeko eta sarbideko ikastaroak ere antolatu ditu Euskadiko suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuentzat, eta lan-poltsa batzuk ere sortu ditu, zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko eta Donostiako udaleko taldeei hutsik dituzten lanpostuak arintasunez eta eraginkortasunez betetzen laguntzeko.
Bestalde, beste 6 ikastaro ere egin dira Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako boluntarioei zuzenduta honako gai hauen inguruan: suteen itzalketa, TETRA komunikazio-sistema, teknologia aplikatu berriak dituzten kartografia eta nabigazioa eta meteorologia txarra segurtasunaren ikuspegitik.