23_0358 Lehendakariak 2022an merezimenduzko polizia-lana egiteagatik nabarmendu ziren ertzainak zoriondu ditu

Lehendakariak 2022an merezimenduzko polizia-lana egiteagatik nabarmendu ziren ertzainak zoriondu ditu

Servicio de prensa

2023-06-04

• Kondekorazioak banatzeko eta zorionak emateko urtero egiten den ekitaldi solemnean, Iñigo Urkulluk ezohiko jardunetan erakutsitako jarrera, ardura eta ausardia eskertu dizkie • Gainera, ekitaldian minutu bateko isilunea eginez ekarri dituzte gogora zerbitzuan hildako ertzainak eta, oso bereziki, ETAk hildako 15 ertzainak

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua lagun dituela, egin da gaur eguerdian 2022an merezimendu bereziko egintzak egin zituzten ertzainei polizia-lanagatik zorionak emateko eta kondekorazioak banatzeko urteko ekitaldia, eta ekitaldi horretan zerbitzuan hildako ertzainak eta ETAk hildakoak ere omendu dituzte.  

Arkauten, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren instalazioetan, egin den ekitaldian erakundeen eta gizartearen ordezkari ugari ere izan dira, horien artean Bakartxo Tejeria legebiltzarburua, Iñaki Subijana EAEANren lehendakaria, Ertzaintzaren sindikatu eta elkarte nagusien ordezkariak, polizia-agintariak eta omendutako pertsonen, hildakoen eta ETAk hildakoen lankide, senide eta adiskideak.

Ekitaldiari hasiera emateko, minutu bateko isilunea egin da eta bi txapel gorri jarri dira monolito baten aurrean, zerbitzuan hildako ertzainak gogora ekartzeko.  Ondoren, omenaldi berezia egin zaie ETAk hildako 15 ertzainei. Horien oroimenez, urtean zehar, Ertzaintzaren Zuzendaritzak sustatuta, agente bakoitza banaka gogora ekartzeko egin diren omenaldi-ekitaldietako irudiak jasotzen dituen bideo bat proiektatu da.

12 domina

2022an, Eusko Jaurlaritzak 12 kondekorazio banatu zituen: Bereizgarri zuriko 6 (zailtasun edo garrantzi handiko zerbitzuetan, operatiboetan edo jarduketetan izandako parte-hartze arrakastatsuagatik eta horietan dohain profesional edo zibiko apartak erakutsi izanagatik, polizia-eginkizuna betetzean era nabarian nabarmendu izanagatik edo kidegoaren ospea hobetzeko edo zerbitzuan erabilgarriak diren lan bikainak egin izanagatik ematen dira) bereizgarri urdineko 5 (beste segurtasun-indar edo -kidego batzuetako kideei, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu publikoetako kideei, segurtasun pribatuko kideei eta segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handiko ekintzak egiten dituztenei, eta Ertzaintzaren mesederako edo ospea hobetzeko harekin funtsezko lankidetzan aritzen direnei ematen zaie) eta bereizgarri gorriko 1 (polizia-jarduera bereziak aitortzen ditu, hirugarren pertsona baten onurarako egindakoak, norberaren bizitza arriskuan jarrita egindakoak, eta entregaren, ausardiaren, espiritu humanitarioaren edo gizarte-elkartasunaren kualitateak agerian uzten dituztenak).

 

  • Josu Baizan Goikoetxea: Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko agente honek polizia-lana aitortzen duen bereizgarri gorriko domina jaso du 2018ko uztailaren 24an Barrikan izandako gertaera batengatik. Agentea bere etxean zerbitzutik kanpora zegoenean, bi pertsona sartu ziren etxean lapurreta egiteko asmoz. Ustekabean harrapatu zituenean, inplikatuak ihesi irten ziren eta ertzaina haien atzetik abiatu zen eta kalean gelditzeko agindua eman zien Ertzaintzako agente gisa identifikatuta. Une horietan, lapurretako batek bederatzi labankada eman zizkion eta, elkarren aurka indarka aritu ondoren, lapurrek ihes egin zuten. Zauritutako agenteak altxatu eta atzetik jarraitu zien, eta bigarren aldiz harrapatu zituen. Lapurrek harriak eta objektuak bota zizkioten agenteari, eta berriz ihes egin zuten. Gero agentea ospitalera eraman behar izan zuten zauriak sendatzera. Azpimarratzekoa da agenteak, bere jarduketarekin, ikerketan lagundu zuela eta etxean sartu ziren bi pertsonak identifikatzea lortu zuela, eta biak atxilotu eta zigortu zituzten.

  • Maite Álvarez Pastrana: Sestaoko Ertzain-etxeko Herritarren Babeseko agenteak polizia-lana aitortzen duen bereizgarri zuriko domina jaso du 2021eko abuztuaren 2an, Barakaldoko lonja bateko lapurreta abisura joan zenean, egindako jarduketa batengatik. Lekura agertu zenean, agenteak lapurreta egiteko asmoz lonjan sartu ziren hiru pertsonetako bat artatu zuen. Pertsona horrek zauri larriak egin zituen beso batean ihes egin nahian ari zenean, eta odol asko galdu zuen eta une batzuetan konorterik gabe geratu zen. Agenteak odol-jarioa gelditzea lortu zuen tornikete bat eginez, eta biktima osasun-baliabideak iritsi arte egonkortu zuen.

  • Cristian Del Río Rementería: Erandioko Ertzain-etxera atxikitako agente honek bereizgarri zuriko domina jaso du 2021eko abenduaren 21ean egindako lana aitortzeko. Egun horretan, Sondikako enpresa batera joateko eskatu zioten beste agente batzuekin batera, barruan norbait hilda zegoela eta. Lekura medikua eta segizio judiziala sartu behar ziren gorpua altxatzeko, baina ezin ziren segurtasunez sartu, zazpi txakur baitzeuden barruan askatuta. Txakurren kargu egin behar zuen enpresa espezializatuarentzat ezinezkoa zen txakurren kargu egitea, eta animaliak azkar erretiratu behar zirenez, domina jaso duen agenteak, txakurren gidari izateko formakuntza zuenez, txakurrak hezteko bere jantzi pertsonala jantzi eta txakurrak neutralizatzea lortu zuen. Zeregin horretan ia bi orduan aritu zen, animaliak banan-banan jaso behar izan baitzituzten, eta horietako biri lasaigarria ere eman behar izan zieten. Azkenik, segizio judiziala instalazioan sartu ahal izan zen gorpua altxatzeko.

  • Asier Carballeda Garcia: Donostiako Ertzain-etxeko ofizialordeak polizia-lana aitortzen duen bereizgarri zuriko domina jaso du delitu bat egiten ari zen pertsona bat salbatu zuelako 2022ko urtarrilaren 31n. Pertsona horrek, Donostiako Gros auzoko denda bateko erakusleihoa hautsi nahian harrapatu zutenean, ihes egin zuen eta Urumeara jauzi egin zuen poliziarengandik ihes egiteko. Inplikatuak igerian ez zekiela ikusita, bereizgarria jaso duen ertzainak uretara jauzi egin zuen pertsona hori erreskatatzeko, eta ura hotza zegoenez osasun-zerbitzu batera eraman behar izan zuten hipotermia puntuarekin. 

  • Javier Rodríguez Cordeiro: Ertzaintzako Polizia Zientifikoko agentea eta Etengabeko Hobekuntzaren Ataleko arduraduna denak polizia-lana aitortzen duen bereizgarri zuriko domina jaso du bere lanpostuari dagozkion eginkizunak gainditzen dituzten baina Ertzaintzaren eta, bereziki, Polizia Zientifikoaren Unitatearen mesederako diren jarduerengatik. Laguntzeko eta ezagutza partekatzeko beti prest dagoen pertsona da eta, berez, ertzain honek nazioarteko foro kriminalistakoetan parte hartu du, Ertzaintzaren irudia sustatu du erreferentziako polizia gisa, Ertzaintzarekin duen konpromisoa eta inplikazioa erakutsi ditu eta erakundearen nazioarteko irudia sustatu du.

 

  • Edorta Menéndez San Cristóbal: Ertzaintzako Esku-hartze Unitatearen burua da, eta Berrozi Berezi Taldearen, Ertzaintzako unitate espezializatuenetako baten buruan egindako karrera luzearen ostean jaso du bereizgarri zuriko domina. Komisarioak lan handia eta azpimarragarria egin du Unitatea modernizatzeko aukera eman duten ekintzak bultzatzean, segurtasunaren arloan mehatxurik larrienei aurrea hartzeko eta horien aurrean jarduteko prozedurak ezarriz.  Ertzaintzari prestigioa eman dioten kanpoko aliantzak ere sustatu ditu beste polizia-kidego batzuekin.

  • Josu Gotzon Lujua Altuna: Ertzaintzaren intendente honek polizia-lana aitortzen duen bereizgarri zuriko domina jaso du Ertzaintzaren eta etxeko indarkeriaren eta, bereziki, genero-indarkeriaren aurkako borrokaren esparruko beste erakunde batzuetan erakutsitako arduragatik, egindako lanagatik eta izandako inplikazio bereziagatik, Ertzaintzari barruan eta kanpoan prestigioa emanez.

  • Endika Gómez Custodio eta Alesandro Sánchez Santos: bereizgarri urdineko domina jaso duten bi herritar dira. 2022ko abuztuaren 13an Bilbon egindako polizia-jarduketa batean bi ertzain jotzen ari zirela ikusi zuten. Erasoak oso bortitzak izan ziren, eta autoan zihoazen bi herritarrek, gertatzen ari zena ikusita, autoa gelditu, autotik atera eta jotzen ari ziren bi agenteei lagundu zieten. Bi herritarren laguntza erabakigarria izan zen eraso basatia saihesteko, eta agenteetako bati bizia ere salbatu zioten, konortea galdu baitzuen eta buruan jotzen ari baitziren. Bi herritarrek, euren integritate fisikoa arriskuan jarrita, erasotzaileari eustea lortu zuten gainerako patruilak iristen ziren bitartean, eta hauek atxilotu zuten delitugilea.

  • Thibault Roux jauna: Frantziako Polizia Nazionaleko Commissaire Divisionnaire eta Hendaiako Polizia eta Aduana Lankidetzarako Zentroaren (PALZ) gaur egungo burua. Polizia-lana aitortzen duen bereizgarri urdineko domina jaso du Ertzaintzaren aldeko proaktibitateagatik, mugaz gaindiko lankidetza eta elkarlana sustatzeko borondatea erakutsiz. Hainbat urtetan funtsezkoa izan den lankidetza horrek prestigio handia eman dio Ertzaintzari beste polizia-kidego batzuen aurrean.

  • Stephane Lapeyre jauna: Frantziako Polizia Nazionaleko Commissaire Divisionnaire denak polizia-lana aitortzen duen bereizgarri urdineko domina jaso du 2016tik Frantziako Polizia Judizialean egindako lanagatik, mantendu duen harremanak Ertzaintzarekin elkarlanean aritzeko aukera eman baitu. Gaur egun, Bordelen Polizia Judizialaren zuzendariordea denak, elkarlana, formakuntza-ikastaroak eta ezagutzak eta operatiboak trukatzeko topaketak bultzatu ditu, eta azken urteotan Frantziako poliziak eta euskal poliziak lankidetzan jarduteko aukera eman dute.

  • Karim Fillali jauna: Baionako Polizia Judizialaren komisario burua da 2021etik, eta polizia-lana aitortzen duen bereizgarri urdineko domina jaso du bere espiritu proaktiboagatik, Ertzaintzaren irudia eta profesionaltasuna kanpoan sustatzen lagundu duelako PALZtik. Horren ondorioz bilera gehiago egin ahal izan dira Frantziako Estatuko segurtasun-indarrekin eta poliziekin, eta elkarlanean jardun ahal izan da maila guztietan, hainbat operaziotan elkarrekin parte hartu ahal izateaz gainera, eta oso emaitza positiboekin.  

36 zorion-adierazpen

Ekitaldian 2022an zerbitzuan merezimendu bereziko egintzak egin zituzten ertzainen izenen jendaurreko irakurketa ere egin da. Merezimenduzko egintza horiek espediente pertsonaletako oharretan jasota geratzen dira, eta gaur jaso duten aitorpen publikoa mereziarazten die. Edizio honetan guztira 36 pertsona zoriondu dituzte polizia-lan aipagarria egin dutelako.

Multimedia edukia IREKIAn: https://labur.eus/ooaKF

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua