23_0352 2.904 pertsona aurkeztu dira Euskal Poliziarako deialdi bateratuko lehenengo azterketetara - avpe
2.904 pertsona aurkeztu dira Euskal Poliziarako deialdi bateratuko lehenengo azterketetara
2023-06-03
Enplegu-eskaintza publikoa Euskal Poliziako oinarrizko eskalako 212 agente-plazak osatzen dute. Aurkeztu diren pertsonetatik 1.846 gizonak dira eta 1.058 emakumeak, jatorriz Euskadikoak % 94,4 dira, eta % 39 18 urtetik 25era bitartekoak dira. Emakumeek Euskadiko polizia-kidegoetan duten ordezkaritza eskasa zuzentzeko helburuarekin, Ertzaintzako plazen % 35 eta udaltzaingoetako % 25 emakumeekin beteko dira.
Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria, Malentxo Arruabarrena Administrazio eta Zerbitzuen zuzendariak lagunduta, gaur goizean Barakaldoko BECen izan da, goizeko lehenengo orduan hasi baitira Euskal Poliziako kidegoetako oinarrizko eskalako agenteen 212 plazetako bat eskuratzeko hautaprobak. Kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran, datozen hilabeteotan, plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 127 plaza deitu ditu Ertzaintzaren hogeita hamabigarren promozioko agentetarako, eta, lehenbiziko aldiz, espezialitatea duten txanda libreko 100 plaza izango dira trafiko-unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan sartzeko. Beste 85 agente-plazak honako herrietako udaltzaingoetarako dira: Amurrio (1 plaza), Andoain (3), Aretxabaleta (1), Arrasate (2), Arrigorriaga (1), Basauri (1), Bermeo (2), Bilbo (3), Donostia (1), Eibar (3), Errenteria (12), Etxebarri (1), Getxo (2), Gernika-Lumo (2), Gorliz (2), Hondarribia (1), Irun (5), Lasarte-Oria (3), Mungia (2), Pasaia (3), Portugalete (3), Santurtzi (8), Sestao (6), Sopela (2), Soraluze (1), Tolosa (1), Gasteiz (2), Zarautz (2) eta Zumarraga (8), bai eta Zamudioko (1) eta Zizurkilgo (1) Udaltzaingo Zerbitzuetarako ere.
Gaur egindako azterketa psikoteknikoak eta teorikoak baztertzaileak dira, eta horiek gainditzen dituztenek bakarrik egin ahal izango dituzte hurrengo fasean proba fisikoak. Bigarren faseko probak, segur aski, irailean egingo dira.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izena emateko prozesua amaitu duten 3.985 pertsona deitu ditu probetara, eta 2.904 pertsona aurkeztu dira. Horietatik % 94,4 jatorriz Euskadikoak dira eta % 40 18-25 adin-tartekoak dira.
HIRU HELBURU
Deialdi hau da Euskadin altueraren baldintza kenduta egiten den lehenengoa. Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Euskadin emakume polizien kopurua gehitzeko eta, modu horretara, plantilletako egungo desoreka zuzentzeko hartutako beste neurri bat da. Horrez gainera, eta berrikuntza moduan, Ertzaintzako plazen % 35 eta Euskadiko udaltzaingoetako plaza hutsen % 25 emakumeekin beteko dira, adierazitako helburu hori bera lortzeko.
Bestalde, hautaketa-prozedura honen beste helburu bat belaunaldien arteko txanda eta erroldak gaztetzea bermatzea da, bai eta, aldi berean, euskalduntze-prozesuan aurrera egitea ere, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai lanean bai herritarrei arreta ematean.