23_0071 Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia eta Araba Domotic System Arkauteko energia-efizientzia hobetzeko proiektuagatik saritu dituzte

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia eta Araba Domotic System Arkauteko energia-efizientzia hobetzeko proiektuagatik saritu dituzte

Servicio de prensa

2023-02-04

• Domotika-programak Arkauteko argia, beroketa-sistema eta beste zerbitzu batzuk kontrolatzeko aukera ematen du energia-gastua murrizteko • Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Jasangarritasun Plana eta 2030 Agenda betetzen lagunduko du

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Araba Domotic System enpresak Euskadiko KNX Saria jaso dute Arkauteko instalazioetan argiaren, beroketa-sistemaren eta beste hainbat oinarrizko zerbitzuren kudeaketa hobetzeko abian jarritako domotika-sistema berritzailearengatik. Horrez gainera, hirugarren postuan geratu dira Estatuko Instalazio Domotikoen IV Lehiaketan.

Domotika-sistemaren bidez formakuntza-geletako argia eta klimatizazioa kudeatzen da, instalazio fotovoltaikoa (450 panel) kontrolatzen da eta ibilgailu elektrikoentzako kargagunea (ibilgailuen 5 kargagune), hozteko makina bat eta bi aire-klimatizagailu erabiltzen dira formakuntzako eraikinean, eta, gainera, eraikin guztien teilatuetan dauden atakak kontrolatzen dira sute bat izanez gero aktibatu ahal izateko. Bestalde, Akademiako ostalaritza-zerbitzuak sistema hori erabiltzen du jantokiko erretilu-kontagailua eta hozkailu/izozkailuen tenperatura monitorizatzeko.

KONPROMISOA GARAPEN JASANGARRIAREKIN

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren Jasangarritasun Planean eta 2030 Agendan ezarritako helburuak lortzeko bide-orri gisa jasangarritasunaren eta energia-efizientziaren arloan aurreikusitako ekintzen jarraipena egiteko aukera ematen du. Horrela, PLEAk instalazioen energia-efizientzia hobetuko du eta gobernuaren eraikinen ingurumenaren gaineko inpaktua murrizten lagunduko du.