22_0899 Jaurlaritzak, Ertzaintzaren hurrengo oposaketa-deialditik aurrera, kendu egingo du gutxieneko garaieraren baldintza hautaketa-prozesuetan parte hartzeko - avpe
22_0899 Jaurlaritzak, Ertzaintzaren hurrengo oposaketa-deialditik aurrera, kendu egingo du gutxieneko garaieraren baldintza hautaketa-prozesuetan parte hartzeko
Jaurlaritzak, Ertzaintzaren hurrengo oposaketa-deialditik aurrera, kendu egingo du gutxieneko garaieraren baldintza hautaketa-prozesuetan parte hartzeko
2022-12-14
Jaurlaritzak Emakumeak Ertzaintzako oinarrizko eskalan sartzea sustatzeko lehenengo plana aurkeztu die Euskadiko udaltzaingoei. Lan-egitasmo hori jada abian dago, 2026ra begira, emakumeek Ertzaintzan gaur egun duten presentzia eskasa hauek kidegoan sartu aurretik zuzentzeko. Planak 45 ekintza zehatz jasotzen ditu emakumeek polizia-kidegoetan ere duten berdintasunerako eskubidea bermatzeko. Horien artean dago hautaketa-prozesu bakoitzean emakumeek beteko dituzten plazen ehuneko progresibo bat erreserbatzea legez ezarritako % 40ko gehienekora iritsi arte, edo erditu aurreko, erditzeko edo erditu ondorengo egoeran dauden emakumeei proba fisikoak atzeratu ahal izatea.
Josu Erkoreka Gervasio lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela egin da gaur goizean Euskadiko udaltzaingoei “Emakumeak Ertzaintzako oinarrizko eskalan sartzea sustatzeko lehenengo plana” aurkezteko eta zabaltzeko ekitaldia. Lan-topaketari hasiera emateko “Emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa Euskadiko Polizian sartzeko” izeneko txostena aurkeztu du Isabel Abella abokatu eta berdintasunaren arloko aholkulariak.
Jarraian, Josu Erkoreka Gervasiok, Sandra Ranea Galán Ertzaintzaren komisarioarekin eta Eneritz Errasti Izaguirre Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako berdintasuneko teknikariarekin batera, polizia-kidego bateko emakumeen presentzia hauek kidegoan sartu aurretik sustatzeko eta gehitzeko modua lehenengo aldiz aztertzen duen Plan aitzindari honetan jasotako neurriak aurkeztu dizkie udaltzaingoei.
Lan-egitasmo aitzindari eta berritzailea da, jada abian dago eta, berez, neurrietako batzuk jada hasi dira eragin praktikoak izaten. Horrela, esate baterako, datorren urtean egingo den Ertzaintzaren hurrengo oposaketa-deialdian Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak kendu egingo du hautaketa-prozesuetan parte hartzeko gutxieneko garaieraren baldintza. Generoen arteko arrakalari amaiera emateko eta kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuetan emakume gehiagok izena eman ahal izateko diseinatutako neurri bat da.
10 helburu estrategiko eta 45 ekintza zehatz
Planak 10 helburu estrategiko eta 45 ekintza zehatz proposatzen ditu emakumeek Ertzaintzan gaur egun duten presentzia eskasa jatorritik zuzentzeko. Zeharkako eta diziplina anitzeko neurriak dira eta orain arte, esate baterako, erreferenterik ez izateagatik, ertzain izatea planteatu ere egin ez duten emakumeei nahiz sartzeko probak egiten ari diren edo gainditu dituzten eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak diseinatutako hautaketa- eta formakuntza-prozesuan edo praktikaldian murgilduta dauden (gutxi gorabehera bi urteko prozesua izaten da) emakumeei zuzenduta daude.
Helburu nagusia da oinarrizko eskalako agente-kategorian sartzeko prozesuan emakumeek aurre egin behar izaten dieten desberdintasunak eta diskriminazioak baztertzea, bai eta emakumea kidegoan sartzea sustatzea ere, hautaketa-prozesuetan parte hartzera eta prozedura gainditzera bultzatzeko ekintzen bidez. Horretarako, datozen 4 urteotarako ezarpen-prozesu progresibo bat zehaztu da, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko eta kontu emateko sistema ere barne hartzen du.
Eusko Jaurlaritzak berdintasuna, Euskadiko polizietan ere, erreala eta eraginkorra izateko hartutako konpromisoari erantzuten dio Planak. Berdintasunerako Lantaldean ia urtebetean egindako lanaren emaitza da, eta Segurtasun Sailean eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian emakumeen eta gizonen berdintasunerako oinarrizko eskubidea ahalbidetzen inplikatutako arlo guztiak daude ordezkatuta lantalde horretan.
Neurri zuzentzaileak (50-56 orriak)
Ertzaintzaren erroldan % 83,47 gizonak dira (5.993) eta % 16,53 emakumeak (1.187). Desberdintasun-egoera horri buelta emateko, eta emakumeak Ertzaintzan sartzea sustatzeko oinarrizko helburua betetzeko, “Emakumeak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente-kategorian sartzeko I. Sustapen Plan” honek, lehenik eta behin, gertatzen ari diren desberdintasun-egoera nagusiak identifikatzen ditu eta, jarraian, 45 ekintza zehatz, berritzaile eta ausart proposatzen ditu datozen 4 urteotan egoera pixkanaka zuzentzen joateko:
- Kidegoan sartu aurreko neurriak: herritarrei zuzenduta daude, esate baterako, Ertzaintzari buruz diseinatzen diren komunikazioek, ikus-entzunezko materialek eta publizitate- eta sentsibilizazio-kanpainek genero- eta intersekzionalitate-ikuspegia barne hartzea. Emakumeen presentzia bermatuko dute, unitate ezberdinetan lanean ari diren emakumezko ertzainen erreferente normalizatuak izateko. Edota ertzain-lanbideari buruzko zabalkundea bultzatzea emakumeekin, Batxilergoko, LHko eta Unibertsitateko ikasleei zuzendutako ekintzen bidez.
- Hautaketa- eta formakuntza-prozesurako neurriak: desberdintasuna emakumeak hautaketa-prozesuan izena eman ondoren zuzentzera bideratuta. Besteak beste, hauek:
-
- Aurten hasita, hautaketa-prozesu bakoitzean emakumeek beteko dituzten plazen ehuneko progresiboa erreserbatzea legeak baimendutako % 40ko gehienekora iritsi arte: 2022. urtea, % 33; 2023. urtea, % 35; 2024. urtea, % 37; 2025. urtea, % 39; eta 2026. urtea, % 40.
- Proba fisikoak hurrengo deialdira atzeratu ahal izatea erditze aurreko, erditzeko edo erditu ondorengo egoeran dauden emakumeei.
- Sarbide-probak lau urtez behin berrikustea genero-ikuspegitik, datu zientifikoetan eta neutraletan oinarrituta.
- Lanarekin lotutako ezaugarri anatomikoekin, fisiologikoekin edo psikosozialekin zerikusia duten emakumeen behar bereziak aztertzea.
- Ertzaintzako irakasleen artean emakume gehiago izatea sustatzea.
- Sexu-erasoaren edo sexuagatiko jazarpenaren aurrean jarduteko protokolo espezifiko bat diseinatu eta ezartzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Diziplinazko falta oso larritzat hartuko dira.
Jardunaldi osoa hemen: https://youtu.be/YFveHONRAMA