22_0626 Eusko Jaurlaritzak motor-gidarientzako segurtasunez gidatzeko ikastaroen aldeko apustua egiten du - avpe
22_0626 Eusko Jaurlaritzak motor-gidarientzako segurtasunez gidatzeko ikastaroen aldeko apustua egiten du
Eusko Jaurlaritzak motor-gidarientzako segurtasunez gidatzeko ikastaroen aldeko apustua egiten du
2022-09-11
● Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak zilindrada handiko 100 motor-gidarirentzako doako formakuntza-jardunaldi teoriko-praktikoak hartuko ditu ● Helburua da kolektiboaren istripuak saihestea, errepidean zaurgarrienetako bat baita ● Aurten, urtea hasi zenetik, 14 pertsona hil dira motorreko istripuetan Euskadin
Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendaria aurten ere Eusko Jaurlaritzak antolatu dituen segurtasunez gidatzeko ikastaroetan izan da. Formakuntza-ikastaroa asteburuan antolatu da segurtasun-neurri guztiak betetzen dituen Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zirkuitu batean, eta dohainik izan da. Guztira zilindrada ertaineko eta handiko motorren 100 gidarik parte hartu dute hobekuntza-ikastaro teoriko-praktiko hauetan, eta, besteak beste, ibilgailua kontrolatzeko eta menderatzeko teknikak, frenatzeko moduak, hiriko eta hiriarteko trafikoan mantendu beharreko posizionamendua edo inguruabarren araberako trazadura landu dituzte. Gainera, segurtasun pasiboko ekipamenduetako azken berrikuntzak ere erakutsi dizkiete, adibidez airbaga duten jantziak, motor-istripua izanez gero lesioak murrizteko.
HILDAKO MOTOR-GIDARIAK
Ikastaro hauek antolatzen dira Eusko Jaurlaritzak hartuta duen eta Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025rako Plan Estrategikoan jasota dagoen konpromiso bati erantzunez. Horren arabera, formakuntzako, prebentzioko eta sentsibilizazioko programak ezarriko dira kolektibo zaurgarrien (motor-gidariak, txirrindulariak, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuak, oinezkoak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak edo haurrak) istripuak saihesteko.
Zehazki, motor-gidariena da biktima gehien izaten dituen kolektiboa, gainerakoekin alderatuta. Aurten, urte hasieratik, 14 pertsona hil dira Euskadin motozikletan zihoazenean: horietako 7 Gipuzkoan eta beste 7 Bizkaian. 2021ean 17 motor-gidari hil ziren Euskadin, hau da, urte horretan errepidean hildako guztien % 40, eta azken 7 urteotako estatistikak ere gainditu ziren, beraz.
Hildako motor-gidarien bilakaera:
2015 |
2016 |
2017 |
2018 |
2019 |
2020 |
2021 |
2022* |
8 |
12 |
8 |
14 |
16 |
9 |
17 |
14 |
SENTSIBILIZAZIOA
Errealitate hori nolabait ere arintzeko, Eusko Jaurlaritzak sentsibilizazio-programa batzuk garatzen ditu, horien artean, motorrean segurtasunez gidatzeko aholkuak jasotzen dituzten dekalogoak edota Nire gurpiletan jar zaitez estrategia, eta horren barruan antolatzen dira, hain zuzen ere, zilindrada handiko motor-gidarientzako ikastaroak.
Orain arte Eusko Jaurlaritzak 350 motor-gidariri eman die formakuntza ekimena 2018an abian jarri zenetik. Urte horretan ekimena Foru Erkidegoko instalazioetan antolatu zuen Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, eta 2021etik, bakarrik, Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian antolatu du.
Gaur egun motozikletak Euskadiko ibilgailu guztien % 11 dira, 2021eko datuen ara