22_0438 Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Ertzaintzak Biktimologiaren Munduko Elkartearen Nazioarteko Sinposioan parte hartuko dute Donostian

EBA proiektuaren ikuspegia azalduko dute: biktima euskal poliziaren lanaren epizentroan indarkeria matxistaren aurkako borrokan

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Ertzaintzak Biktimologiaren Munduko Elkartearen Nazioarteko Sinposioan parte hartuko dute Donostian

Servicio de prensa

2022-06-07

Ertzaintzako eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako hainbat profesionalek parte hartuko dute aste honetan Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian egingo den Biktimologiaren Munduko Elkartearen Nazioarteko 17. Sinposioan.

2022an, sinposio hau, nazioartekoa eta diziplinartekoa, mundu digital bateko biktimizazio-prozesuen identifikazioan, prebentzioan, ikerketan eta erantzun psikologiko eta sozio-juridikoetan oinarrituko da. Ertzaintzaren eta PLEAren ordezkariek, beste hainbat gairen artean, EBA proiektua azalduko dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abian jarri duen proiektu horren siglek Emakumeen eta Etxekoen Babesa adierazten dute, eta helburua du eraginkorragoak izatea genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren (GI/EI) biktimen detekzioan eta babesean. Euskadiko Segurtasun Zerbitzu Publikoan kultura eta paradigma aldaketaren alde egindako apustua da.

Biktima euskal poliziaren lanaren epizentroan indarkeria matxistaren aurkako borrokan” izenburupean egin den EBA proiektuaren mahai-inguruan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren izenean parte hartu dute Garbiñe Aranberri Ikasketa eta Plangintza Arloko buruak, Malentxo Arruabarrena Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendariak eta Consuelo de la Puerta Psikologia eta Soziologia Arloko arduradunak.

Ertzaintzaren izenean Josu Gotzon Lujua Altuna intendenteak eta Javier Oscar Fernández Cucó komisarioak gai honetan egiten den polizia-lanaren arrakasta eta eskumenak balioetsi dituzte, eta prebentzioan eta biktimaren babesean eta segurtasuna kudeatzean egiten den erantzunkidetasun-ariketa eta Euskal Poliziak indarkeria matxistaren aurkako borrokan biktimen eta horien erreparazioaren alde hartuta duen konpromisoa nabarmendu dituzte. EBA proiektuari esker bateratuta kudeatzen dira Ertzaintzaren eta Euskadiko Udaltzaingoen EI/GI delituen espedienteak, informazioa denbora errealean partekatzen da eta emakumeen eta horien seme-alaben arriskua baloratzen da, denen artean arriskuaren araberako babes egokia ezarri ahal izateko.

Javier Oscar Fernández Cucó komisarioak “Ertzaintzak genero-indarkeriaren biktimei ematen dien arreta Internet bidez babes-agindu bat urratu ondoren” txostena ere aurkeztuko du Biktimologiaren Munduko Elkartearen Sinposio honetan. Txostenean nabarmenduko du biktimari dagozkion babes-neurriak zehazteko berehala tratatzen diren datuen kudeaketa.  Horrez gainera, babes-neurri teknologiko gisa erabiltzen diren eskumuturreko telematikoez ere hitz egingo du.

Ertzaintzako aditu horrek  “Biktimei arreta emateko polizia-ereduak eta prozedura erkidearen esparruan hobetzeko arloak” mahai-inguruan ere parte hartuko du. Bertan izango dira Donostiako Udaltzaingoaren, Gasteizko Udaltzaingoaren eta Bilboko Udaltzaingoaren ordezkariak ere.

Ertzaintzak egiten duen lana ezagutu ahal izateko, Sinposioan parte hartzen dutenek Donostiako Ertzain-etxera bisita egiteko aukera izango dute, eta bertan Xabier Peña komisarioak, EBA proiektuaren sustatzaile nagusietako batek, aurrez aurre erakutsiko die Ertzaintzako agenteek instalazioetan egiten duten lana.

Jaitsi EBA proiektuari buruzko hitzaldia

Jaitsi AVPE eta Ertzaintzako parte-hartzaileak

Jaitsi Ikuspegi orokorra