22_0312 Jaurlaritzak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak “PAREZ-PARE” jardunaldiak suspertu dituzte formatu presentzialean - avpe
22_0312 Jaurlaritzak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak “PAREZ-PARE” jardunaldiak suspertu dituzte formatu presentzialean
Jaurlaritzak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak “PAREZ-PARE” jardunaldiak suspertu dituzte formatu presentzialean
2022-04-28
Jendearentzat irekita dauden jardunaldi hauek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egiten dira, eta segurtasun publikoaren arloan formakuntza ematea dute helburu. Lehenengoa, “XXI. mendeko polizia bihurtzea: nortasun profesionala eta enkargu soziala” izenburupean, maiatzaren 19an egingo da, eta dagoeneko eman daiteke izena www.arkauteakademia.eus webgunean.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), beste hiru PAREZ-PARE jardunaldi programatu dituzte, eta aurten berriz ere formatu presentzialean egingo dira. Formakuntza-jardunaldi hauek bi erakundeek izenpetutako hitzarmen berriaren esparruan egingo dira. Hitzarmen horren helburua da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC-KREI) elkarlanean jardutea kriminologiaren eta biktimologiaren arloan formakuntza emateko eta ezagutza aztertu eta hedatzeko, bai eta segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko ere. Formakuntza-saioak profesionalei zuzenduta daude, baino gaian interesatuta dauden pertsonentzat ere irekita daude, horretarako aldez aurretik izena eman behar da www.arkauteakademia.eus webgunean.
2021ean 300 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten saio horietan, eta, pandemia-egoera zela eta, telematikoki egin zituzten. Hala eta guztiz ere, jatorrizko formatua mantendu zuten, proposatutako gaietako gakoak azaltzeko adituak elkartzen dituzten bi mahai-ingurutan antolatuta. Azalpenak amaitzen dituztenean, bertaratuek galderak egin ditzakete eta profesionalek hizpide izan duten gaiaren inguruko eztabaida has dezakete.
Lehenengo jardunaldia, maiatzaren 19an
Lehenengo PAREZ-PARE saioa maiatzaren 19an egingo da, azken hamarkadotan polizia-jardueraren ereduan izan den aldaketaren inguruan. Saioaren izenburua “XXI. mendeko polizia bihurtzea: nortasun profesionala eta enkargu soziala” izango da.
Saioan egingo den lehenengo mahai-inguruko parte-hartzaileak izango dira Juan Luis Ibarra, EAEko Auzitegi Nagusiko presidente ohia eta EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko presidentea; eta César San Juan Guillén, UPV/EHUko Psikologia Kriminaleko irakaslea eta Delinkuentziari, Marjinalitateari eta Gizarte Harremanei buruzko Nazioarteko Ikerketa Zentroko zuzendaria. Saioari amaiera emateko, Lola Vallés Port Kataluniako Segurtasun Publikoko Institutuaren ikerketako arduradunak eta Iñaki Elexalde Ertzaintzaren Idazkaritza Nagusiko Koordinaziorako komisario buruak herritarren pertzepzioaz eta polizia-eredu berri bat sendotzeko erresistentziez eta mehatxuez hitz egingo dute.
Hurrengo jardunaldiak: Urrian eta azaroan
Hurrengo saioak urrirako eta azarorako daude programatuta, eta gaiak izango dira “Indarkeria kirolean: ekintza biolentoak, xenofobia, arrazakeria eta horien prebentzioa” eta segurtasunaren kudeaketa, “Benetako eta hautemandako segurtasun-gabezia” izenburupean.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen artean sinatutako hitzarmenaren esparruan udako ikastaro bat programatuko da Miramar Jauregian ekainean.