22_0158 Josu Erkorekak eta Gabriela Bravok polizia-agenteen hautaketaren eta formakuntzaren arloko esperientziak partekatu dituzte - avpe
22_0158 Josu Erkorekak eta Gabriela Bravok polizia-agenteen hautaketaren eta formakuntzaren arloko esperientziak partekatu dituzte
Josu Erkorekak eta Gabriela Bravok polizia-agenteen hautaketaren eta formakuntzaren arloko esperientziak partekatu dituzte
2022-03-08
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Gabriela Bravo Valentziako Generalitateko Justiziako, Barneko eta Administrazio Publikoetako kontseilaria gaur goizean elkartu dira Gasteizen segurtasun publiko integralaren arloko esperientziak partekatzeko. Aztertu dituzten gaien barnean, polizia-agenteen hautaketa eta formakuntza prozesuen inguruko esperientziak partekatu dituzte, eta horixe izan da bilera Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzan egiteko arrazoia.
Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak Arkauteko Akademiak eskaintzen duen zerbitzuen katalogoa aurkeztu dio Valentziako ordezkaritzari, bai eta emaitzetan gaur egun lortzen den arrakasta lortu ahal izateko barnean erabiltzen duten lan-metodoa ere. Esate baterako, Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan sartzeko eta horietako barne-sustapeneko hautaketa eta formakuntza prozesuak, larrialdietako euskal sistema osatzen duten gainerako erakunde publikoetako taldeen prestakuntza eta kualifikazioa, bai eta sare pribatuko laguntzaileena ere: suteen itzalketaren eta salbamenduaren arloko pertsonala, babes zibileko boluntarioak, larrialdien arloan lan egiten duten elkarteak, larrialdietako deiei arreta zuzena ematen aritzen direnak, bide-segurtasunaren, ingurumenaren edo meteorologiaren arloko profesionalak, etab.
Bileran Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria, Malentxo Arruabarrena bertako Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendaria, Salvador Almenar Valentziako Generalitateko zuzendari nagusi operatiboa eta José García Añón Erreforma Demokratikoetako eta Justiziarako Sarbiderako zuzendari nagusia ere izan dira.
Egun hauetan Euskadi-Valentzia bisita instituzionala antolatu dute Gasteizen eta maila goreneko bilerak egiten ari dira, besteak beste, atzo Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ximo Puig Valentziako Generalitateko presidenteak egindakoa, eta gaurko bilera bisita horren barruan egin dute.