21_0606 Eusko Jaurlaritzak Euskadiko udaltzaingoetako hutsuneak arin eta eraginkortasunez betetzeko hautespen-prozesua ireki du

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko udaltzaingoetako hutsuneak arin eta eraginkortasunez betetzeko hautespen-prozesua ireki du

Prentsa Zerbitzua

2021-08-18

• Izena emateko epea 20 egun baliodunez egongo da zabalik www.arkauteakademia.eus web-orrian • Hautespen-prozesua gaindituta, euskal udalen eskura egongo den lan-poltsa bat sortuko da

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu den Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, irekiko da Euskadiko udaltzaingoetarako bitarteko agenteen lan-poltsa sortzeko hautespen-prozesua. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei laguntzea udaltzaingoen oinarrizko eskalako agenteen hutsuneak arin eta eraginkortasunez betetzen.

Hautespen-prozesu horiek sortzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen 59.3 artikulutik, eta garatzen dira Euskal Autonomiako Erkidegoko udalek udaltzaingoetako agenteen hutsuneak, bitarteko gisa, premiaz edo berehala betetzeko pertsona prestatuak eta gaituak izan ditzaten.

OPOSIZIOA ETA PRESTAKUNTZA

Lan-poltsa hori sortzeko hautespen-prozesua oposizio-sistemaren bidez garatuko da, eta, horretarako, ezagutzari eta nortasunari buruzko probak eta ariketak, azterketa psikoteknikoak eta proba fisikoak egingo dira.

Probak gainditu ondoren, eta hautespena osatze aldera, udaltzaingoetako oinarrizko eskalako agente eginkizunetarako berariazko prestakuntza teorikoa, jokabidezkoa eta praktikoa garatzeko ikastaroa egingo da. Araudiaren arabera, hauek dira eginkizun horiek:

  • Udalerrietako agintariak babestea eta udalerrietako eraikinak eta instalazioak zaintzea.
  • Hiriguneko trafikoa antolatzea, seinaleztatzea eta zuzentzea, zirkulazio-arauetan ezarritakoaren arabera.
  • Hirigunean gertatzen diren zirkulazio-istripuen ondoriozko argiketak egitea.
  • Polizia administratibo gisa jardutea ordenantzei, bandoei eta gainerako udal-xedapenei eta -egintzei dagokienez —betiere bere eskumenen esparruan—, eta ingurumenaren eta inguruaren babesaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea, tokiko eskumenen barruan.
  • Polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea, polizia judizialeko unitateekin elkarlanean.
  • Istripu, hondamendi edo lazeria publikoetan laguntza ematea eta babes zibileko planak egikaritzen parte hartzea, legerian aurreikusitako moduan.
  • Prebentzio-eginbideak egitea, baita delituzko egintzarik ez gertatzeko beharrezkoak diren jarduketak ere.
  • Espazio publikoak zaintzea eta manifestazioak babesten eta giza kontzentrazio handietan ordena mantentzen laguntzea, hala eskatzen zaionean.
  • Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, hala eskatzen zaionean.

IZENA EMATEA ETA BETEKIZUNAK

Eskabideak hurrengo 20 egun baliodunetan aurkez daitezke (deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita), Akademiaren web-orrian eskura dagoen eredu ofizial eta normalizatuaren arabera: www.arkauteakademia.eus. Eskabidea egiteko unean, oposizioko ariketak zer hizkuntzatan egin nahi diren hautatu beharko da.

Eskabidea aurkezteko, honako betekizun hauek, besteak beste, bete beharko dira:

  • Gutxieneko altuera, 1,65 metro gizonek eta 1,60 metro emakumeek.
  • 18 urte beteta eta 38 urte bete gabe izatea. Muga hori konpentsatu ahal izango da  Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan egindako zerbitzuekin.
  • Batxilergoko titulua edo baliokidea, edo goragoko beste edozein titulu.
  • B motako gidabaimena, autoetarako.
  • Euskara jakitea Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B-2 mailan edo baliokidean.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onartzen duen Dekretuan (36/2004 Dekretua, otsailaren 17koa) agertzen diren baztertze medikoetako bat bera ere ez izatea.

 

Jaitsi Andrés Zearretaren irudia

Jaitsi Andrés Zearretaren irudia

Jaitsi Andrés Zearretaren irudia

Jaitsi Andrés Zearretaren baliabideen bideoa