21_0125 6.671 pertsonak eman dute izena Euskadiko polizia-kidegoen deialdi bateratuan, aurreko hautaketa-prozesuan baino % 11,4 gehiagok - avpe
21_0125 6.671 pertsonak eman dute izena Euskadiko polizia-kidegoen deialdi bateratuan, aurreko hautaketa-prozesuan baino % 11,4 gehiagok
6.671 pertsonak eman dute izena Euskadiko polizia-kidegoen deialdi bateratuan, aurreko hautaketa-prozesuan baino % 11,4 gehiagok
2021-02-18
• Gora egin du Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan sartu nahi duten emakumeen kopuruak ere, % 21, hain zuzen ere • Enplegu publikoaren eskaintza 751 plazak osatzen dute: Ertzaintzako oinarrizko eskalako 700 agente plaza eta Euskadiko 18 udaletako udaltzaingoetako 51 plaza dira • Lehenengo probak udaberrian egingo dira Barakaldoko BECen
6.671 pertsonak eman dute izena Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako deialdi bateratuan, Euskadiko polizia-kidegoetarako iaz deitu zen hautaketa-prozesuan baino % 11,4 gehiagok. 6.671 pertsona horiek Ertzaintzako oinarrizko eskalako 700 plazetako bat edo Euskadiko 18 udalek euren udaltzaingoetarako eskainitako 51 plazetako bat lortzen saiatuko dira.
Datuen genero-ikuspegia kontuan izanda, hautaketa-prozesu honetan izena eman duten gehienak, % 70,3 (4.691) gizonezkoak dira, baina garrantzitsua da azpimarratzea % 21 egin duela gora emakumeen kopuruak aurreko deialdiarekin alderatuta: 344 emakume gehiago.
Lurraldez lurralde, Euskadin bizi diren eta izena eman duten hautagai gehienak bizkaitarrak dira, % 59 (3.931), alegia; Gipuzkoakoak % 19,7 dira (1.311) eta, azkenik, Arabakoak % 13,1 (877). Gainerakoak, % 8,3 (552) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora bizi dira, eta zifrak behera egiten jarraitzen du aurreko urteekin alderatuta.
Hautagai gehienak, ia % 60, 20 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 24, alegia, 30 urtetik 35 urtera bitartekoak ere. Hautaketa-prozesu honetan izena eman dutenen artean gutxienak dira 20 urtez azpikoak eta 35 urtetik gorakoak. Hala ere, ertzain edo udaltzain izan nahi dutenen artean, iazko datuekin alderatuta, 20 urtez azpikoen taldea da gehien igo dena.
751 PLAZA
Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, hautaprobak udaberrian egingo dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren. Hautagaiek, oraingoz, 751 plaza lortu ahal izango dituzte. Baina zifra hori oraindik behin-behinekoa da, hautaketa-prozesua zabaldu baitaiteke datozen hilabeteetan:
- 700 plaza XXX. Promoziorako dira. Helburua da Legegintzaldi honetan zehar, 2021etik 2025era bitartean, 4 hautaketa-prozesu deitzea, urtean bat.
- Udaltzaingoetako plazak 51 dira, eta honako udal hauetarako dira: Azkoitia, Basauri, Bermeo, Bilbo, Donostia, Durango, Etxebarri, Getxo, Hondarribia, Irun, Laudio, Lekeitio, Pasaia, Portugalete, Tolosa, Vitoria-Gasteiz, Zarautz eta Zumaia.
HELBURU HIRUKOITZA
Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek lehentasunezko hiru helburu ezarri dituzte Euskadiko polizia-kidegoetan sartzeko deialdi bateratu honetarako:
- Euskadiko poliziak ematen duen oinarrizko zerbitzu publikoa behar bezala betetzeko beharrezko eta behar adinako baliabideak bermatzea. Deialdi honekin aurrera egingo da belaunaldien txanda eta erroldak gaztetzea bermatzeko konpromisoan.
- Emakumeak deialdi honetara aurkez daitezen sustatzea, emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa zuzentzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa da, baina baita zerbitzu publikoa hobetzeko konpromisoa ere, esate baterako delitu matxisten biktimak artatu behar direnerako.
- Polizien erroldaren % 100 euskalduna izateko azken helburura iristeko bidean aurrera egitea, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin, bai laneko hizkuntza gisa bai herritarrei arreta emateko hizkuntza gisa.
POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIA
Oraingoan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia ari da prestatzen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrientzako deialdi, hautaketa eta prestakuntza prozesu berri hau, eta gauzatu ere akademiak egingo du. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala izaten da, eta izena emateko epea irekitzen denean hasten da eta agente berriak behin betiko karrerako funtzionario izatera iristen direnean amaitzen da. Prozesuak pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:
- Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
- Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek 9 hilabeteko ikasketa-prozesua, ordaindua, hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da.
- Praktikaldia: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskadiko Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Sartzen diren polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.
Deialdi hau erronka berezia izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzat, une hauetan dugun osasun-krisi globalaren ondorioz egoera zalantzazkoa baita. Pandemia-egoeraren eta birusa hedatzea geldiarazteko neurrien ondorioz, kutsatzea eragozteko protokolo zorrotzak sortu behar izan dira eta Akademiaren aurrekontua 3,2 milioian gehitu da prestakuntza-garaian lansariak ordaintzeko, obrak egiteko eta eremuak higienizatzeko beharrezko materiala erosteko, azpiegiturak distantzia berrietara egokitzeko, prestakuntza-gela birtualak abian jartzeko, eta abar.