2019_convocatoria bolsas policia local-eu

Segurtasun Sailak Udaltzaingoko bitarteko agenteen eta laguntzaileen poltsak sortzeko hautaketa eta formakuntza prozesuak deitu ditu

AVPE-PLEA2019/12/13

Segurtasun Sailak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenaren bi ebazpenen bidez, Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat eta laguntzaileen beste poltsa bat sortzeko bi hautaketa eta formakuntza prozesu deitu ditu. Horrela, lanpostu horietan dauden agente-plazak premiaz eta aldi batez bitarteko erregimenean betetzeak tokiko esparruan sortzen dituen arazoei aurre egin nahi zaie. Bestalde, laguntzaileen poltsaren bidez Udaltzaingoa, esate baterako mugikortasun-agenterik ez duten udalerrietan herrigunean trafikoa antolatzeko, osatuko duten aldi baterako premiei erantzuteko izango da. Prozesu horien berri azkeneko bileran eman zitzaion EUDEL ¿ Euskadiko Udalen Elkarteari.

Bi hautaketa-prozesu horietako batean parte hartzeko interesa dutenek atzo eta gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu diren oinarriak kontsulta ditzakete, eta baldintzak betez gero, www.arkauteakademia.eus webgunean eman dezakete izena abenduaren 13tik urtarrilaren 7ra bitartean, biak barne, Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsarako. Udaltzaingoko laguntzaile-poltsarako izena emateko epea, berriz, abenduaren 14tik 28ra bitartean egongo da zabalik, biak barne.

 Udaltzaingoko bitarteko agenteen lan-poltsarako hautaketa oposizio-sistemaren bidez egingo da, eta derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango diren bi proba egingo dira. Bat, Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente-lanak behar bezala egiteko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehazteko proba psikoteknikoa izango da, eta test erako formatuan egingo da. Bigarrena nortasun-proba izango da, eta nortasun ezaugarri orokorrak ebaluatzeko izango da.

 Oposizio-fasea gainditzen dutenak Udaltzaingoko bitarteko agente izateko formakuntza-ikastaroa egiteko onartuko dira. Formakuntza-ikastaro horrek hiru fase izango ditu: lehenengoa online egingo da eta eduki teorikoak landuko dira; bigarrena izangaien portaera eta konpetentzia egokiak zehazteko izango da; eta hirugarrena, berriz, fase praktikoa izango da. Azken bi fase horiek presentzialak izango dira.

 Formakuntza praktikoaren fasearen ondoren, prozesuan parte hartzen dutenak Udaltzaingoko oinarrizko eskalako bitarteko agenteen poltsan sartuko dira Euskadiko toki-korporazioetan aldi batez zerbitzua emateko, oposizioaren azken kalifikazioan lortutako puntuazio-ordenari jarraituz.

 Udaltzaingoko laguntzaileen poltsaren kasuan ere oposizio-sistemaren bidez egingo da hautaketa. Kasu honetan ere derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango diren bi proba egingo dira: test erako formatua izango duen proba psikoteknikoan Udaltzaingoko laguntzaile-lanak eta -zereginak betetzeko gaitasunak ebaluatuko dira: hitzezko gaitasuna, arrazoitzeko gaitasuna, arreta eta pertzepzio gaitasuna eta gaitasun espazialak. Bigarrena nortasun-proba izango da.

 Oposizio-fasea gainditzen dutenak Udaltzaingoko agente laguntzaile izateko formakuntza-ikastaroa egiteko onartuko dira. Ikastaroak bi fase izango ditu: lehenengoa online egingo da eta eduki teorikoak landuko dira; eta bigarren fasea praktikoa eta presentziala izango da.

 Formakuntza-ikastaroa egiten eta gainditzen dutenak zuzenean sartuko dira Udaltzaingoko laguntzaileen poltsan. Poltsa formalki eratzen denean, deialdi bateratuetan parte hartu duten edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari berariazko eskaera egin dioten eta euren poltsarik ez duten udalen eskura jarriko da.

 Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza arduratuko da Udaltzaingoko bi poltsak, bitarteko agenteena eta laguntzaileena, kudeatzeaz