Akademia - avpe
Akademia
Aurkezpena
Polizia eta Larrialdien euskal Akademia Euskadiko segurtasun publikoaren prestakuntza zentroa dugu, baita ere garrantzi handiko pieza Euskal autogobernurako eta Ertzaintzaren sorrerarako.
1992ko Poliziari buruzko Legeak Akademiaren esparru juridikoa zehazten du. Akademia 1982an jarri zen martxan eta, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari atxikita dagoen eta nortasun juridiko propioa duen erakunde autonomo gisa eratu zen.
Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Ordenatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen II. Tituluak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren sorrerari eta erregulazioari ekiten die, bere eginkizunetan ordura arte Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia izan dena ordezkatzen duen Akademia . Hori bai, Akademiaren eginkizunak berriz zehazten dira segurtasun publikoaren sistema osoa kontuan harturik.
Horrek guztiak zerbitzuen integrazioaren alde egiten du, hauek pertsonen segurtasuna eta horien ondasunak babesteko helburu bera xede dutela elkarren artean erlazionatuz eta parte hartuz. Aldi berean, segurtasun eta larrialdi zerbitzuen etengabeko prestakuntzaren gastu ekonomiko-administratiboak arrazionalizatu egiten dira, azpiegituren sinergia eta aprobetxamendu komunak ahalbidetuz eta prestakuntza baliabideen eta baliabide akademikoen bikoiztea saiheztuz.
Akademiaren helburuek segurtasun-prestakuntzari zeharka eta modu osoan ekiten diote, Ertzaintza eta Euskadiko Polizia Kidegoengandik hasita Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sistema osatzen duten profesionalen eta borondatezkoen taldeenganaino helduz.
Aipamen Historikoa
Zenbait urte lehenago hasitako proiektua 1982an jaio zen, alegia Ertzaintza sortu zen, Euskal Herriko Polizia Autonomoa, harrezkero polizia kidego integral baten lan guztiak beteko zituena.
1981eko ekainaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian oposizio-lehiaketa bidez 700 plaza betetzeko deialdia argitaratu zen, Ertzaintzako lehenengo promozioa sortzeko.
Lehenengo promozio horretako ikasle berriak hartzeko eta prestatzeko Eusko Jaurlaritzak Iradier Hotela eta ikastetxe bat eskuratu zituen, biak Arabako Arkaute udalerrian, Vitoria-Gasteizen inguruan.
Zenbait hilabeteko hautapen prozesua bukatu ondoren, 1982ko otsailaren 1ean lehenengo ikasleak Arkauteko ikastegira iritsi ziren. Hala ere, berriz ere beraien etxeetara bidali zituzten instalazioetan funtsezko zerbitzu batzuk falta baitziren eta zentroak ezin zuelako behar bezala funtzionatu.
Hautagaiek bete beharreko baldintzen artean hauek zeuden: adin nagusikoa, 36 urte baino gutxiagokoa izatea, gutxienez 1,72 m. garai izatea, arlo guztietan jarrera publiko zein pribatu ona edukitzea, eta ez egotea ezein alderdi politikori afiliatua.
Juan Porres Azkona Arkauteko Ikastegiko lehenengo zuzendari izendatu zuten Carlos Garaikoetxea lehendakari eta Luís María Retolaza Herrizaingoko sailburu zirela. Harekin batera eta zentro berri horretako buru nagusi gisa zeuden Carlos Díaz Arcocha, José de Pablos Loizaga eta Juan Carlos García Oteiza, guztiak superintendente graduazioarekin.
Historian zehar hauek izan dira Arkauteko nagusiak: Juan Porres jauna, Ángel Albinarrate jauna, Jon Etxebarria jauna, Guadalupe Camino andrea, Juan de Dios Uriarte jauna, Elena Moreno andrea eta Malentxo Arruabarrena andrea. Gaur egun, Andres Zearreta jauna da Akademiako Zuzendari Nagusia.
1982an espediente ugari ebatzi ziren Arkauteko Ikastegi berriari baliabideak emateko. Lehenengo promozioko ikasleak heztea Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak kontratatutako langileen esku egon zen, eta besteak beste, Zuzenbidea, Polizia Teknika, Gidaritza edota Tiro egiten ikasteko irakasgaiak zituzten, baita hezkuntza fisikoarekin eta babesteko teknikekin lotutakoak ere.
Hezkuntza aldiak 6 hilabete iraun zituen; hura bukatu eta irakasgaiak gainditutakoan Euskadiko historiaren etapa berriko lehenengo polizia autonomoak Ikastegitik atera ziren. Ofizialki, lehenengo promozioa 1982ko uztailaren 29an kaleratu zen. 1983ko martxoaren 8an bigarren promozioa iritsi zen Arkauteko Ikastegira. Emakumezkoek eta gizonezkoek osatu zuten bigarren promozioa, eta hala, emakumeak polizia kidego horretan parte hartzen hasi ziren.
1992tik aurrera, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea ateratzen denean, Ikastegiak Euskal Poliziaren konfigurazioaren prozesuan eta sisteman toki nabarmena betetzen du.
Promozioak bata bestearen atzean izan ziren, XXIII. Promoziokoei kredentzialak eman eta beraien praktika-aldiaren hasierarekin 8.000 ertzain izatera iritsi arte, 2011ko abenduaren 16tik aurrera. Honela lortu zen Ertzaintzarako adostutako profesionalen langile taldea osatzea.
Ezin da egon polizia eraginkor bat polizia kideek prestakuntza on bat ez badute, euren aparteko eginkizunetara egokitua eta eguneratua izan behar duen prestakuntza. Prestakuntza eta gaikuntza eginkizun honen garrantzia Ertzaintzan proiektatzeaz gain Udaltzainengan ere proiektatu behar da. Honek guztiak Herrizaingo Sailari atxikitako administrazio izaerako erakunde autonomo baten egituraketa gomendatzen du, nortasun juridiko propioa duena eta eginkizunetarako gaitasun osoa duena.
Euskadiko Segurtasun Publikoaren Ordenantzari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearekin, 2012ko uztailaren 6an argitaratutakoa, une historiko gogoangarri berri bat sortu zen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren sorrerari eta erregulazioari ekiten diena, bere eginkizunetan ordura arte Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia izan dena ordezkatzen duen Akademia . Hori bai, Akademiaren eginkizunak berriz zehazten dira segurtasun publikoaren sistema osoa kontuan harturik.
Lege horrekin finkatuta geratzen da 2010eko Egiturari buruzko Dekretuarekin hasi zena, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren xedea da Gobernuak segurtasun publikoaren arlorako duen prestakuntza-, hautaketa-, ikerketa- eta berrikuntza-politika gauzatzea, hala Euskal Herriko Poliziari dagozkion arloetan nola babes zibilari eta larrialdi-zerbitzuei dagozkienetan.
Zuzendaritza
Andres Zearreta Otazua
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia
Oso garrantzitsua da niretzat ibilbide hau Arkautiko Akademian hastea, Euskal Autonomia Erkidegoan segurtasun publikoaren alde eta horretarako lan egiten duten pertsonek egunero egiten duten lana azpimarratuz: irakasleak, administrazioko teknikariak, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako profesionalak (Udaltzaingoa eta Ertzaintza), Larrialdietako eta Babes Zibileko profesionalak eta boluntarioak, ikertzaileak, etab.
Akademiak, Segurtasun Sailari atxikitako erakunde autonomoak, profesional horien prestakuntzaren bidez parte hartzen du, pertsonen eta ondasunen segurtasuna eta herritarren eskubide eta askatasunen erabilera askea bermatzeko eta horiek eragozten dituzten ekintzei aurre egiteko lanetan, horiek prebenitzeko eta babesteko politika publikoen bidez.
Beste jarduera profesional batzuk bezala, euskal segurtasun publikoak ere eboluzionatu egiten du, antolamendu- eta gizarte-premien erritmoan.
Nola ez, Akademiak aukera bat bezala aurre egiten dio erronka honi, eta, beraz, euskal gizartearekin progresiboki eta modu orekatuan eboluzionatuz, tinko lan egiten du trebetasun, gaitasun eta balio etiko eta demokratikoen prestakuntzan, etorkizuneko segurtasun-profesionalenean eta gure kolektiboko kide izatea erabakitzen duten boluntarioenean.
Helburuak
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren helburua da herritarren segurtasuna lortzeko zerbitzu publikoak ematen jarduten diren edo parte hartzen duten pertsonek beharrezkoa den lanbide-heziketa eskuratzeko baldintzak eta bitartekoak sortzea, eta gaikuntza hori beste pertsona batzuei ere eskaintzea, baldin eta, segurtasun publikoko zerbitzuetakoak izan ez arren, interes profesionala badute edo beren jarduerak zerbitzu horien garapenean eragiten badu.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren xedea da Gobernuak segurtasun publikoaren arlorako duen prestakuntza-, hautaketa-, ikerketa- eta berrikuntza-politika gauzatzea, hala Euskal Herriko Poliziari dagozkion arloetan nola babes zibilari eta larrialdi-zerbitzuei dagozkienetan. Horretarako, Euskadiko erakunde erkideei dagozkien eskumenen eremuaren barruan eta lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasun publikoko politika gauzatzen jarduten edo esku hartzen duten giza baliabideen prestakuntza eta, hala dagokionean, hautaketa planifikatu eta kudeatu beharko ditu.
Kolektiboak
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak prestakuntzarako duen eskaintzak honako kolektibo hauek izango ditu kontuan:
-
Euskal Herriko polizia-kidegoetako langileak, bai eta udaleko jagole edo udalerrien mendeko mugikortasun-agenteak.
-
Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuetako langileak.
-
Larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuetako langileak, bai eta larrialdiak koordinatzeko zentroetakoak ere.
-
Segurtasun publikoaren eta larrialdien eta babes zibilaren kudeaketaren ardura duten agintariak eta beste hautetsi publiko batzuk.
-
Osasun-zerbitzuetako langileak, basogintza-zerbitzuetakoak edo larrialdiko eta babes zibileko egoeretan ondasunak eta pertsonak babestearekin zerikusia duten eginkizunak dituzten beste zerbitzu publiko batzuetako langileak.
-
Segurtasun pribatuko langileak, batez ere lege honetako 52., 53. eta 54. artikuluetan aipatzen diren jagoletza- eta babes-eginkizunetan dabiltzanak.
-
Segurtasun publikoaren edo pribatuaren arloetan, larrialdien kudeaketan edo babes zibilean eragiten duten jardueretan dabiltzan profesionalak.
-
Babes zibileko zerbitzuei eta larrialdien kudeaketako zerbitzuei laguntzen dieten boluntarioak eta beste agente batzuk, bai eta, hala balegokio, herritarrak eurak ere.