Presentacion curso promocion 25-eu

Ertzaintzak ez ditu horrenbeste plaza eskaini, aurreko 2001-2005 legegintzaldian, 650 plaza eskaini zituenetik

«Ertzaintza gaztetzearen alde egin dugu apustu; horretarako, 370 ertzain hautatu eta prestatuko ditugu, eta hurrengo urtean beste 250»

AVPE-PLEA2015/11/17

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Iñaki Gurtubai, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena izan dira gaur prestakuntza-ikastaroaren hasiera-ekitaldian. 250 emakumek eta gizonek hasi dute Ertzaintzaren 25. promozioa osatzeko ertzain-prestakuntzako ikastaro hori Arkauteko Akademian, Bilboko BECen ekainaren 6an hasitako hautaketa-prozesuan aurrera egitea lortu ondotik.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Iñaki Gurtubai, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena izan dira gaur prestakuntza-ikastaroaren hasiera-ekitaldian. 250 emakumek eta gizonek hasi dute Ertzaintzaren 25. promozioa osatzeko ertzain-prestakuntzako ikastaro hori Arkauteko Akademian, Bilboko BECen ekainaren 6an hasitako hautaketa-prozesuan aurrera egitea lortu ondotik.

Orain hamaika hilabete, beste 120 lagunek ekin zioten bide horri berari, eta irailaren 18an amaitu zuten, kredentzialak jasota. Egun, ertzain horiek dagozkien praktikaldiak gauzatzen ari dira Euskadiko hainbat ertzain-etxetan.

Azken bi urteetan 370 ertzain gehiago ditu Ertzaintzak, belaunaldi-berritzeko prozesu horren seinale. Gaztetzeko ahalegin horrek jarraipena izango du hurrengo urtean, Segurtasun Sailak 250 plazako deialdia egingo du-eta.

«Hiru urtean hiru deialdi egingo dira, guztira, 620 lanpostu eskaintzeko Ertzaintzan. Ertzaintzak ez du halako berritze-ahaleginik ezagutu 2001-2005 legegintzaldiaz geroztik», adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak. Era berean, orain 32 urte sortutako Ertzaintza gaztetu beharra dagoela azpimarratu du, agenteen batez besteko adina 47 urte denez.

Segurtasuneko sailburuak Espainiako gobernuak jarritako trabak aipatu ditu, 2014ko eta 2015eko deialdien aurkako errekurtsoa aurkeztu baitu Ogasun Ministerioak. Haren iritzian, plaza kopurua birjartze-tasaren arabera mugatzekoa da, ez Segurtasuneko Batzordean izenpetutako bi aldeko akordioaren arabera. Akordio horrek bermatzen du euskal herritarrei segurtasun-zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoak diren ertzainak gutxienez 8.000 izango direla.

«Estatuak errekurtsoa erretiratzea espero dugu, Ertzaintzak agente berriak enplegatu ditzan eta Segurtasun Batzordean aldebikotasunez adostutako ertzainen kopurua, 8.000, bermatuta egon dadin, euskal herritarrei behar bezalako segurtasun-zerbitzuak eskaini ahal izateko», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak.

Prestakuntza

Datozen 9 hilabeteetan, 25. promozioak prestakuntza-ikastaroa egingo du Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Akademiak 138 langile ditu, tartean, irakasle eta ez-irakasle lan-kontratudunak, ertzainak, adituak eta laguntzaileak zein Herritarren Segurtasunerako Euskal Sistemako beste kolektibo batzuetako kideak.

Prestakuntza-ikastaroa selektiboa izango da eta gaitasunak eta jarrerak ebaluatuko dira. Hautaprobak gainditu dituzten 250 lagunek lau arlori buruzko oinarrizko eta beharrezko ezagutzak ikasiko dituzte: tekniko-profesionala, lengoaia, poliziaren esku-hartzea eta polizien trebetasunak.

Joan den urtean diseinatu eta egokitu zen ikastaroa, 24. promozioaren prestakuntza osatzeko. Akademiak euskara sustatzeko, giza eskubideak bultzatzeko eta ingurumena babesteko arloetan hartutako konpromisoak barne hartzen ditu. Gainera, ikastaroa diseinatzeko kontuan hartu dira Ertzaintzaren balioak, 2016 Horizontea Plan Estrategikoan jasotakoak: hurbiltasuna, konfiantza, konpromisoa, taldea eta garapena.

«Ertzaintzako kideen batez besteko adina jaisteko helburua dela-eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak garai berrietara egokitutako eta hezkuntza-sistema orokorrean txertatutako berritasunen araberako prestakuntza-ikastaroa diseinatu du», adierazi du Arkauteko Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak.

Arkauten lehen eguna egin duen promozioa 250 kidez osatuta dago, 192 gizon eta 58 emakume; hau da, emakumeen ehunekoa handitu egin da azken promozioarekiko, % 15 izatetik % 23,2 izatera igaro denez.

Lurraldeka, 34 Arabakoak dira, 163 Bizkaikoak, 46 Gipuzkoakoak eta 5 beste lurralde batzuetakoak. Ikasleen % 60k 20 eta 30 urte artean dituzte. Euskararen ezagutzari dagokionez, % 65,2k B2 maila dauka, % 24,4k C1 maila, eta % 9,6k B1 maila.


Eranskinak(Dokumentuak deskargatzeko egin klik esteketan)